EH Bilduk martxoaren hasieran informazioa eskatu zuen 1970an Faduran, Gobela ibaiaren aldamenean, ezarritako gasolio-deposituaren inguruan. Antza, bigarren depositu bat aurkitu zuten beste bat husteari ekin zitzaionean. Hortaz, koalizio abertzaleak Getxo Kirolak elkarteko presidenteari galdetu zion ea depositu zahar horren berririk ote zuten, eta zer-nolako eragina izan zuen errekan izandako isurketak.
Azaldu duenez, Getxo Kirolakeko Zerbitzuen eta Mantenuaren arduradunak emandako erantzunak "berretsi" egin zuen auzi honen inguruko kudeaketa 1992etik gaur egunera arte "eskasa baino eskasagoa" izan dela.
EH Bilduk azaldu duenez, arduradunak azaldu zuen depositu biak 1975 urtean ezarri zirela, eta hiru urte beranduago galdarak gasolioa erabiltzeko egokitu zirela. 1992 urtean gasolio galdara biak ordezkatzea erabaki zen, hiru galdara berri ezarriz gas naturalagaz, baina gasolio depositu zaharrak ez ziren hustu ezta baliogabetu ere. Hortaz deposituak bere horretan mantendu dira lurperatuta gaur egunera arte.
Arduradunak azaldutakoaren arabera Getxo Kirolak elkarteak ez daki zergatik 1992 urtean ez ziren deposituak baliogabetu. "Gure ustez gaiaren larritasuna handia da, ez baitzuten depositu hauen berririk izan errekan izandako isurketaren jatorria ikertzen hasi zirenera arte. Nola da posible?", deitoratu du EH Bilduk.
Deposituak ordezkatu zirenean, hots 1992an, EAJk zuzentzen zuen Getxoko Udala. Hortaz, "nola liteke urte hauetan guztietan depositu hauen berririk eduki ez izana? Nola da posible errekan isurketa izan arte depositu horiek hustu eta baliogabetu ez izana?", galdetu du koalizio abertzaleak. "Horregatik guztiagatik ozen salatu nahi dugu gobernu-taldeak auzi honetan izandako jarrera arduragabea".