Erabaki horren bitartez, Getxoko Udalaren kirol-erakundeko Zuzendaritza Batzordeak amaitutzat eman du enpresa lizitatzaileagaz egindako kontratua, 1go lotearena (tenis eta padel) eta 2. lotearena (igeriketa). Kontratua apirilaren 28an amaitzen da.
Sport Studioko beharginek joan den astean abiatutako grebaren harira, Alvaro González Getxo Kirolakeko lehendakariak hurrengoa adierazi du: "nahiz eta gu bitartekaritza-lanak egiten saiatu eta negoziazio-mahaian adostasunera iristeko borondatearekin (hori gertatu bitarte) esertzeko eskatu badiegu ere, greba-egunek kalte handia eragin die erabiltzaileei eta erakundeari berari. Hori dela eta, kontratua baldintza horietan luzatzea ardura gutxirekin jokatzea litzateke".
Getxo Kirolakeko kirol-eskaintza koordinatzen duen taldea harremanetan jarriko da erabiltzaileakaz, onartutako erabakiaren berri emateko eta kontratatutako enpresako langileek ematen dituzten ikastaroak amaitu egingo direla adierazteko. Modu berean, Getxo Kirolakek maiatzetik aurrera ez ditu egoera horrek hartzen dituen ikastaroen ordainagiriak igorriko.
Lan-hitzarmenaren aldeko greba
Sport Studio enpresako monitoreek diotenez, zentroko hitzarmena lortu eta gutxieneko lan-baldintza duinak bermatzea gura zuten joan den eguenean abiatutako lanuzte horiekaz. Azaldu dutenaren arabera, lan egindako orduak "soilik" ordaintzen dizkiete, klaseak prestatzeko ematen duten denbora kontutan hartu gabe. Gainera, ikastaroak indarrean daudenean bakarrik jasotzen dute soldata, hau da, "Gabonetan, berbarako, oporrak diren bitartean eta ikastaroak ez dauden bitartean ez dugu ezertxo ere jasotzen. Hori dela eta, eskatzen duguna da hilabete denetan berdin kobratzea, 30 egunean lan egin izan bagenu bezala". Era berean, jakinarazi dute 12 urte daroatzatela egoera berean, soldataren berrikuspenik izan gabe.