Leire Macua: "Azkenean igoera lortzeak gogobete egin gaitu denok"

Iñigo Fernandez de Martikorena 2018ko api. 26a, 16:57

Leire Macua, pozik, igoeraren ostean. CCBYSA HODEI TORRES - HIRUKA

Leire Macua "Maku" Pina (Barakaldo, 1997), Bizkerre futbol-taldeko erdilaria eta kapitaina da. Castro Urdialesekoak zapatuan ospatu zituen Derioren aurkako garaipena (6-0), Euskal Liga irabaztea eta taldea 13 urte beranduago Bigarren Mailara bueltatu izana. Urte bat pasatu da Macuari meniskoan ebakuntza egin ziotenetik.

Zelan sentitzen zarete Euskal Liga irabazi eta Bigarren Mailara igo ondoren?

Denok gaude poz-pozik, urte asko daroatzagulako hori prestatzen eta atarian gelditzen. Bizpahiru urte hurbil egon ondoren azkenean lortu izanak denok gogobete gaitu.

Igoera jardunaldi baten faltan lortu zenuten, Boluen, etxean, zuen zaleen aurrean. Zelan erantzun zuen harmailak?

Harrobiko taldeen, guraso denen eta beste zaleen babesa oso garrantzitsua izan da denboraldi osoan. Ez geunden ohituta hainbesteko arreta erakartzen, eta aurten jaso dugun babesak indar handia eman digu jokalari denoi. Hortaz, garaipena etxean ospatu ahal izana ohorea izan da; oso gustura sentitu ginen. Oso-oso polita izan zen.

Esan duzunez, aurreko urteotan ezin izan zenuten igo, baina aurten bai. Zelan eboluzionatu du taldeak ibilbide horretan?

Aurreko urteotan aldaketa asko bizi izan genituen. Jokalari beterano asko joan ziren, zaila izan zen talde hain gaztea egokitzea eta hainbeste partidutan mailari eustea. Aurten, ostera, zenbaki ederrak egin ditugu. Hemeretzi garaipen segidan izan dira: bestelako ligetan horrelako zenbakirik egon daitekeenik ez dugu uste. Igoera lortzeko denok ipini ditugun gogoak eta lanak eroan gaituzte denboraldiaren amaieraraino partidu denak garrantzitsutzat jotzera. Izan ere, jakin bagenekien beharrezkoa zela irabazteko eta maila honetan lehenengoak gelditzeko, hemendik talde bakarra igotzen delako.

Kapitain legez, zein izan da zure ardura?

Iaz lesio bat eduki nuen eta aurten denboraldiaren hasieran minutu batzuk soilik jokatzen ibili nintzen. Orduko hartan urduriago ibili ginen, galtzen hasi ginen lehenengo partiduan, norabide ezan genbiltzan... Uste dut aurreko urteetatik hona gehien nabaritu dena dela aurten taldeari indarra transmititzen asmatu dugula, denok elkarrekin egon garela, ez dugula amore eman eta guztion artean taldea ehundu dugula.

Euskal Liga amaitzeko, zapatuan derbia izango duzue San Lorentzon, Erandioko Betiko Neskak taldearen aurka. Zelan aurreikusten duzu partidu hori?

Uste dut guretzat helburua daborduko beteta dagoela eta espero dut denok disfrutatu ahal izango dugula, denboraldi osoan pasatu dugun "sufrimenduaren" eta egin dugun ahaleginaren ondoren. Hortaz, ondo pasatu eta zapore onagaz amaitu gura genuke liga. Gero etorriko da kopa, baina gure helburu nagusia igotzea zen eta daborduko lortu egin dugu. Hala, azken partiduan presio barik jokatzea gozatu gura dugu.

Kopari begira zelan ikusten duzue zeuen burua?

Zozketa eginda dago eta tokatu zaigun multzoan talde denak Euskal Ligakoak dira: Goierri-Gorri, Hernani eta Tolosa. Borrokatzera joango gara eta ahal dugun bezain urrun heltzen ahaleginduko gara. Nahiko ondo moldatzen garen txapelketa da Koparena; azken urteotan paper ona egin izan dugu, nahiz eta finaletara heldu ez garen. Irudi ona eman izan dugu.

Zein erronka edukiko duzue datorren denboraldian, Bigarren Mailan?

Hasieran garrantzitsuena izango da gu egokitzea dauzkaten erritmora, mailara, taldeetara... Alderdi psikologikoak garrantzi handia edukiko duelakoan nago; aurten garaipen asko lortu ditugu eta uste dugu datorren urtean hori dena ezberdina eta askoz zailagoa izango dela. Egokitzeko beharra edukiko dugu. Hori da gure helburua.

Zer edo zer gehiago esateko?

Denei eskertzen diegula eman diguten babesa eta, bestalde, nabarmendu gura dut denok oso pozik eta harro gaudela, egin dugun lanagatik.

Garaipenaren ospakizuna, bideoan (© NOSKI SKY - LFF - BIZKERRE)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun