Ibar Nagusien Etxea elkarteko kideek solasaldiak eta tailerrak egiten jarraitu ahal izango dute Itzubaltzetako nagusien etxeko beheko solairuan, Ibar Nagusien Etxeak jarduera guztia Romo Kultur Etxera eramateko Udalak egindako eskaintzari uko egin ondoren.
Udal-arduradunek iragarri dutenez, barikutik, hilaren 18tik, aurrera, gizon eta emakumezkoen ile-apaindegia, masajista eta podologia ekipamendu berriak eta billar-aretoa Romo Kultur Etxean egongo dira. Gimnasio-zerbitzua, aldiz, hilaren 28an hartuko du azpiegitura berriak. Hala, horrek suposatuko du Lope de Vega kaleko eraikinean itxi egingo direla zerbitzu horiek, "kudeaketa eraginkorraren logikari jarraituz, ez delako aurreikusten zerbitzuak bikoiztea", Udalak azaldu duenez. "Egun dauden baliabideak aprobetxatzeko ere, aipatutako zerbitzuetan erabiltzen zirenak udal-erresidentziara eramango dira, bertan erabil ditzaten", gaineratu dute arduradunek.
Lekualdatzearen kontra daude bazkideak
Ibar Nagusien Etxeko kideek iragarri dutenez, lekualdatzearen eta eraikinaren eraistearen kontrako itxialdia egingo dute bihar, eguenean. Protestaldia 19:00etan hasiko da, "hemen gelditzea (gaur egungo lokaletan) ez delako kapritxo bat, beharrizan bat baizik", adierazi dutenez.