Getxoko Gobernu-taldeak (EAJ eta PSE-EE) duela egun batzuk jakinarazi zuen daborduko prest daudela nagusientzako hainbat instalazio Romo Kultur Etxean. Izan ere, udal-agintarien helburua da nagusien etxea eraikin berri horretara lekualdatzea, Ibar Nagusien Etxeko kide askoren iritziaren kontra. Elkarteko bazkideen gehiengoak gaur egungo eraikinean gelditu gura duela adierazi zuen iaz, zuzendaritza-batzordeak egindako galdeketa egin ostean. Horien arabera, Romo Kultur Etxe berria "gainerako auzokideekiko berdintasunean erabiliko duten gunea izango da", eta hala erabili gura dute eurek ere, egungo nagusien etxea hartzen duen eraikinari uko egin gabe. Getxoko Udaleko oposizioko talde denen babesa du ere Zuzendaritza Batzordeak, baita hainbat sindikatu eta herriko elkarterena ere.
Ibar Nagusien Etxeko Zuzendaritza Batzordeak salatu duenez, Getxoko Gobernu-taldeak "bazkideen nahiari uko egiten dio, baita pertsona nagusi denei, auzoari eta oposizioari ere". Era berean, gogoratu du agintariek ez dutela bete orain arte onartutako hiru mozioak, hau da: eraikin zaharra mantentzeko aurrekontua ematea, eraikinean gelditzea bermatzea eta egungo nagusien etxearen ondoko lokalak eguneko zentro bihurtzea.
Gaur egungo nagusien etxea hartzen duen eraikina ez botatzea ere eskatu dute bazkideek, "horren balore arkitektonikoagatik, egoera estruktural onagatik eta auzoaren memoria bizia delako". Hori denagatik, itxialdia egingo dute eguenean, hilaren 17an, 19:00etatik aurrera. Datorren hilaren 25ean, aldiz, manifestazio bat egitea aurreikusi dute.