Elkarrizketak

"Emakumeak aldaketa kolektiboaren eragile izan dira"

Iker Rincon Moreno 2018ko eka. 13a, 13:08

David Beorlegui historialariak egin du lana, Getxoko Udalak emandako beka bati esker.

David Beorlegui Zarranz historialariak azken hiru hamarkadetan Getxoko emakume-elkarteen eta mugimendu feministen sorreraren historia berreraiki du "Denon Artean" liburuan, haren protagonisten narrazioen eta ahozko iturrien bidez.

Demokraziaren hasieran sortzen hasi ziren Getxoko emakumeen elkarteei merezi duten protagonismoa eman gura die azterlanak, herrian aldaketa kolektiboaren zein banakoaren eragile izan direlako, eurentzat eta Getxorako ondorio positiboak ekarriz. Denon artean ikerketa-lana Getxoko Udalaren beka bati esker sortu dute, eta udalerriko liburutegi eta elkarteen artean banatu dute.

Zer aurkituko du irakurleak Denon Artean lanean?

Emakumeek bultzatutako askotariko kolektiboen historiari errepaso kronologiko laburra egiten zaio liburuan. Gainera, talde horietan parte hartu zuten emakumeen balorazioei ematen zaie garrantzi handia. Amaierarik gabeko edo agortutako kontakizunik ez dago liburuan; helburua izan da talde horien denen iritziak aurkeztea, bestelako interpretazioak alde batean utzi gabe eta gaian sakontzen jarraitzeko gonbitea eginez.

Zer erakutsi gura izan duzu horretan?

Alde batetik, euren kezkak komunean jartzeko emakumeak elkartzeak ondorio eraldatzaileak dituela erakustea, bai eurengan baita inguru hurbilenean ere. Beste alde batetik, azaltzea gizarte matxista batek sortutako emakume-eredua zalantzan jartzeko borondatea izan dela talde denen oinarrietako bat, emakumeen jabekuntzarako eta emantzipaziorako eredu berriak sortzeko gako gisa. Era berean, iniziatiba denen balioa aurkeztu gura izan dut.

Zein izan da emakumearen papera euskal gizartearen historian?

Herritarren erdia dira emakumeak eta tradizionalki gutxien ordaindutako lanak zein ordaindu bakoak egin behar izan dituzte, hala nola zaintza-lanak.

Eta Getxon, berezitasunik egon da beste leku batzuekaz alderatuta?

Getxon egon daitezkeen diferentziak berton dagoen konplexutasun soziologikoan oinarritzen dira. Auzo oso ezberdinak daude eta identitateak oso ezberdinduta daude. Hala ere, uste dut emakumeek oso modu aktiboan parte hartu dutela udalerriko hazkunde asoziatiboan.

Zure ikerketa 1975etik aurrera Getxon egondako emakumeen elkarteetan oinarrituta dago. Aurretik ere elkartzeko saiakerarik egon da?

Bai, baina modu ezberdinetan. Alderdi politikoei lotutako emakumeen elkarteak egon ziren XX. mendearen hasieran, baita elizari lotutakoak ere, hala nola dantza-taldeak eta Biblia irakurtzeko taldeak. Hala ere, talde horiek denak kanpoan uztea erabaki nuen erakunde handiago batzuen menpe zeudelako, gizonek zuzendutakoak, alegia.

Zeintzuk izan dira emakumeen motibazio historikoak elkartzeko?

Elkartzea, ezagutzea, ezinegonak komunean jartzea, euren errealitatean eragina izatea, baita herrian eragitea ere.

Motibazio horiek aldatuz joan dira hiru hamarkadotan?

Bai, noski. 1930eko eta 1940ko hamarkadetan jaiotakoek etxeko isolamendua gainditu gura zuten, etxekoandrearen eredua hautsi eta euren bizi-ingurua zabaltzeko. Emakume gazteagoek kutsu politikoagoa izaten zuten, utopikoagoa, berdintasunaren alde. Gaur egungo feminismoak, aldiz, bestelako arazoetan ere eragin gura du: ezberdintasunerako eskubidea aldarrikatzen du, besteak beste.

Diozunez, 1977an Leioan egindako jardunaldi feministek Getxon talde feministak sortzea eragin zuten. Zer dela eta?

Ordura arte ezkutuan eta modu batean alde batean utzita zegoen kolektibo bat azaleratu zutelako. Emakumeak bakarrik ez zeudela ikusarazi zuten eta mugimendu berri hori irauteko eta bere ahotsa entzunarazteko etorri zela.

Zeintzuk ezberdintasun daude 1970eko hamarkadako eta gaur eguneko mugimendu feministen artean?

Hasierako kolektibo horiek Bizkaiko Emakumeen Asanbladara lotuta zeuden organikoki. Bertatik helburuak ateratzen ziren, eta hasiera batean oso zentratuta zeuden antisorgailuen despenalizazioaren eta abortuen aldeko kontuetan. Talde horietan lanean zeuden emakume asko diktadurako klandestinitatean ibilitakoak ziren eta sindikatu, alderdi politiko eta auzokideen elkartean militatzen zuten. Gaur egun, kolektiboen autonomia handiagoa da, baina antolakuntza-eredua asanblearioa da oraindino. Teknologia berriek eta lan egiteko eredu berriek ere garrantzia ematen diete bestelako talde batzuekaz sareak osatzeari. Antzina horri ere garrantzia ematen zitzaion, baina ez zegoen teorikoki garatuta.

1970eko eta 1980ko hamarkaden eztandaren ondoren, feminismoa edo mugimendu feminista Getxon lo zeudela ematen zuen. Hala ere, badirudi azken urteotan indarra hartu duela berriro. Hala da?

Sentsazio hori orokorra izan da Euskal Herrian, baita espainiar Estatuan ere. Hala ere, ez nuke esango feminismoa lo egon denik, baizik eta latente. Trantsizioan egondako mugimenduen intentsitatea berriro lortzea zaila zen arren, esango nuke ezkutuko lan handia egon dela. Emakume batzuek elkarrizketak bilatu zituzten beste mugimendu batzuekaz, beste batzuek instituzioetan lan egitera egin zuten salto, eta beste batzuk gaztetxeen munduan murgildu ziren. Gaur egun, bai, pizte feminista hori nabarmena da, eta pertsona asko hasi da ezaugarri berriak dituen feminismo horren inguruan teorizatzen.

Zer-zelako garrantzia eduki zuten gune autogestionatu eta alternatiboetan sortutako mugimenduek?

Esango nuke garrantzi handia izan zutela eta leku oso adierazgarrietan presentzia izan zutela. Garrantzia izan zuten mugimendua eta tentsio feminista mantentzeko gai izan zirelako garai oso zailetan. Aitortzen ez zaien arren, oso lan garrantzitsua egin zuten lan-eremu horietan kontzientziatzeko egindako ahaleginagatik.

Zeintzuk auzotan egon da biziago mugimendu feminista?

Ikuspuntu historikotik, Itzubaltzeta/Romon eta Algortan. Horietan sortu ziren lehenengo taldeak, eta gaur egun ere talde gehien dituen auzoak dira horiek.
Zelan definituko zenuke Getxoko mugimendu feminista? Historia aberatsa duena, askotarikoa eta etorkizun oparokoa.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun