Ekainean debekatuta egon zen Uribe Kostako hondartzetan bainua hartzea, uraren kutsadura zela eta. Euriteen ondorioz estolderia-sareak gainezka egin izanari egotzi zion gertatutakoa Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak, baina GUK Getxoren iritziz azalpena ez da sinesgarritasun handikoa.
"Euri-egunen eta isurien gaineko datuek ez dute zalantzarako tarterik uzten", adierazi du GUKek, "Ur Partzuergoak ur fekalak zuzenean itsasadarrera isurtzen segitu zuen euriteak amaitu eta astebetera, gure hondartzak alerta-egoera betean zeudela".
Taldeak kezka handia agertu du, "bai jazotakoagatik bai isurien gaineko datuak ezkutatu eta manipulatu izanagatik", eta ezinbestekotzat jo du Getxoko alderdi politiko guztiak elkarregaz bildu eta Ur Partzuergoari azalpen argia eskatzea. Gaineratu dutenez, Usategi eta Arrigunaga inguruetan isuri fekalen arazoa konpontzeko behar besteko inbertsioa egin dadila sustatuko dute.