Elkarrizketak

"Emakumeak dira kubatar iraultzaren euskarri nagusia"

Unai Brea 2018ko ira. 13a, 18:41

Filmazio osoa iaz egin arren, hamalau urte eman ditu Torrellasek dokumentalaren proiektua gauzatzen. HODEI TORRES

Irailaren 7an eman zuten, Europan lehenengoz, "Cubanas, mujeres en revolución" dokumentala, Itzubaltzetako kultur etxean. Maria Torrellas "Resumen Latinoamericano" aldizkariko kidea da filmaren zuzendaria.

Zerk bultzatuta erabaki zenuen "Cubanas, mujeres en revolución" egitea?

Oso aspalditik piztu dit arreta emakumeen borrokak, ez bakarrik orain, modakoa denean. Eta kubatar emakumeak bereziki interesatu zaizkit han egon nintzen lehenengo alditik, 1993an. Ikaragarria iruditu zitzaidan zelan egiten zieten aurre zailtasunei. Kubak dena dauka blokeatuta, ez da sinestekoa herri horrek aurrera egin izana. Eta uste dut emakumeak direla kubatar iraultzaren erresistentziaren euskarri nagusia.

Hala ere, kanpotik begira gaudenontzat behintzat, maskulinoak dira haren ikur nagusiak: Fidel, Che...

Dokumentalean aipatu ditugun andrazko konkretuak, izen-abizendunak, ezagutu bakarrik ez, gurtu egiten dituzte Kuban. Celia Sánchez, Haydeé Santamaría, Vilma Espín (Kubatik kanpo ere sano ezaguna)... Eurez berba egiten dizutenean malkoek ihes egiten diete begietatik. Batez ere kanpokook lotzen dugu iraultza beti Fidelegaz, Chegaz, Raúlegaz [Castro]... Patriarkatuaren arazoetako bat da hori: gizonezkoen aurpegien bitartez erakusten dizkigu borrokak, baita kubatar iraultza ere, han emakumeek oso protagonismo handia izan zuten arren.


Fidel Castrok dokumentalean duena ez da txikia...

Haiek aipatzen zuten eta! Dokumentalean berba egiten duten emakumeak, alegia. Fidelek iraultza osoa eman du gizonek emakumeekiko berdintasunaren kontra jar ez zitezen ahaleginean. 60ko hamarkadan bazerabilen berdintasun-diskurtsoa, genero-ikuspegia gaur egungoa bezain garatuta ez zegoen garaian. Humanista handia zen, eta ikuspuntu hori zeukan.  


Filmaren hasieran asko azpimarratzen dira iraultzak lan-eremuan emakumeei eman dizkien berdintasun-aukerak. Gero, ostera, familiaren alorrean egiteko dagoenaz berba egiten da.

Legeei dagokienez lorpenak izugarriak izan dira, batez ere Latinoamerikako beste herrialdeakaz konparatuta. Hezkuntza dohainik unibertsitatera arte, ondoren lan egiteko aukera, soldata-berdintasuna. Kuban inori ez zaio bururatzen emakume bat bortxatzea, legeak oso gogorrak direlako, eta gainera sexu-askatasuna dagoelako gizon zein emakumeentzat.

Zer dago egiteke, orduan?

Giza harremanak eraldatzea. Hango emakumeek diote kultura aldatu beharra dagoela, aspaldiko kultura hori, judu-kristaua, konkistatzaileek eroandakoa... Etxe barruko eta bikotearen barruko berdintasuna, horretan dabiltza orain beharrean. Baina abiapuntua hemengoa baino hobea da, gu baino askoz goragoko mailan daude berdintasunaren alorrean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun