Elkarrizketak

Markel Redondo Larrea: "Neurrigabeko urbanismoa erretratatzea izan da helburua"

Kepa Ugarte Martiarena eta Iker Rincon Moreno 2018ko ira. 21a, 08:28

Markel Redondoren azkenengo lana ikus daiteke egunotan Getxophoton. HODEI TORRES

Egoeraren zentzugabekeria irudikatu eta agintarien geldotasuna erakusteko premiak bultzatuta, Markel Redondo argazkilaria (Bilbo, 1978) espainiar Estatutik bidaiatzen hasi zen 2008ko krisialdiaren ondoren, neurrigabeko urbanismoaren ondorioak erretratatu guran. Hamar urte ondoren berriro bisitatu ditu leku horiek, testigantza berriak jaso eta argazkiak drone bategaz egiteko. Lan horren emaitza ikus daiteke egunotan Getxophoto Nazioarteko Irudi Jaialdian.

Zein da mota horretako lan bat egitearen helburua?

Betidanik deigarria izan zaizkit argazkien bidez erretratatu ditudan lekuak, ez dakidalako zergatik amaitu duten horrela, utzita. Ez ziren bideragarriak, dirua xahutu da horietan eta betidanik zentzugabeak iruditu zaizkit. Helburu bakarra gutxi batzuk aberastea izan da. Etxebizitzen kasuan, berbarako, hiru milioi etxe huts dago Espainian. Nire helburua gaia mahai-gainean jartzea izan da, zentzugabekeria hori ez ahaztea, eta leku askotan egin diren naturaren eta ingurumenaren kontrako krimenak salatzea.

Agintarien pasibotasuna ere mahai-gainean ipini gura izan duzu.

Bai, pasibotasuna eta permisibitatea. Azken finean, udalak dira egoera horien erantzule zuzenak. Udalerrietako agintariek eman dituzte eraikitzeko baimenak, askotan aurretiko inolako bideragarritasun-ikerketarik gabe, gainera.

Uribe Kostan egoera horren isla den egoerarik aurkitu duzu?

Ez, lan honetarako erretratatu ditudan lekuak utzitakoak dira, galdu direnak. Inguruotan, orokorrean, ez dago horrelakorik. Kostaldean kalteak eragin dituzten kasuak daude, baina egin eta saldu egiten dituzte, ez daude abandonatuta.

Sari bat irabazi duzu lan honegaz. Horrek eragina izan du proiektuaren oihartzunean?

Bai, beka baten antzera funtzionatu zuen. Ideia proposatu nuen eta drone bat eman zidaten. Gainera, lanaren difusio-lan handia egin dute; interes handia piztu da horri esker.

Drone bategaz lan egitea berrikuntza da?

Hasiera batean, orain hamar urte egin nuen bezala erretratatu gura nituen lekuak, lurretik. Baina, droneei esker, airetik argazkiak egin  eta egoeraren benetako dimentsioa erretratatzea lortu dut, osotasunean.

Zeintzuk aukera eskaintzen dituzte Getxophotok eta halako jaialdiek?

Oso garrantzitsuak dira; Getxokoa, gainera, oso berezia da. Beste asko ez bezala, Getxophoto hurbila da, kalean dago eta erraza da jendearengana hurbiltzea, eta hori oso garrantzitsua da. Argazkilaritza normalizatzeko modu bat da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun