Euskaraldia

Toti Martinez de Lezea: "Bertoko jendeak deituko zion horrela, emakumeak koban elkartzen zirelako"

Kepa Ugarte Martiarena 2018ko urr. 17a, 08:00

Toti Martinez de Lezea "Euskaraldia Sorginzulon" ekitaldiaren aurkezpenean. OSKAR GUTIERREZ

"Euskaraldia Sorginzulon" antzezlanaren gidoigilea izan den Toti Martinez de Lezea idazle gasteiztarrak "oso berezitzat" jo du Fredi Paiak agindu zion lana. "Arin prestatu behar izan dut, euskaraz eta gazteleraz egiteko, poesia eta musika kontuan hartuta. Gainera, nire hitzak antzeztuta ikusi ahal izatea zoragarria da niretzat", azaldu du.

Zeinek egin zizun gidoia egiteko eskaera?

Fredi Paiak eskatu zidan gidoia egiteko, bere hitzetan, sorginei buruz asko dakidalako, eta nire abizena Lezea delako. Kar, kar, kar. Aurkezpen serio bat egin beharrean, kutsu misteriotsua izango zuen ekitaldia egin nahi zuen berak. Hala ere, argi eta garbi esan nion sorginei buruzko gidoirik ez nuela idatziko.

Sorginakaz ez dauka zerikusirik lekuak?

Hizkuntzalariek diote oso arraroa dela eskualde honetan Sorginzulo edo antzeko toponimo bat agertzea; ez da ohikoa holako izenak kostaldean agertzea, inguruan sorginen edo lamien kondairak existitu arren. Bertoko jendeak deituko zion horrela, emakumeak koban elkartzen zirelako; tamalez galdu egin da horren arrazoia.

Emakumeen boterea aldarrikatzea da ikuskizunaren helburua?

Ez dut uste horretaz ari garenik. Gure herria matriarkala izan da beti; matriarkatua eta emakumeen boterea ez dira gauza bera. Emakumeen izaeraz ari gara: Ama Jainkosaren sineskeraz. Horrek emankortasuna, iraunkortasuna eta bizitza adierazten ditu. Aldarrikapenik ez dago.

Emakumeak Sorginzulon elkartzen ziren. Izan ere, kontuan hartu orain dela ehun urte ez zegoela emakumeentzako klubik. Gizonezkoentzat, ordea, bai. Emakumeek lan egiten zuten, noski. Beti egin dute lan. Baina horrez gain, non elkar zitezkeen? Ba... hondartzatik gertu. Paseoan aterako ziren eta, eguraldia kaskartzen bazen, kobazuloan sartuko ziren eta bertan egongo ziren elkarrizketa goxoan. Kontuan hartu emakumeak tabernetara joatea oso txarto ikusita zegoela garai horietan.

Bestalde, kontuan hartu behar dugu Algortako Portu Zaharreko inguruaz ari garela, eta seguru asko emakumeak bertara jaitsiko zirela arrantzaleak ziren euren senarrei edo semeei itxaroteko. Gainera, egongo zen Ezkerraldeko fabriketan lan egiten zuen Eskuinaldeko gizonik.

Zelan irudikatuko duzu hori dena?

Bi aktorerekin, bata garai horretakoa eta bestea gaur egungoa, oroimena eta kontatzeko ohitura berreskuratzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun