Auzoko jaiak antolatzea ez da egun bateko kontua, ezta?
Ez. Uda aurretik batzen hasten gara. Dena den, udaldian ez dugu batzarrik egiten; izan ere, oporrak eta inguruko jaiak direla eta, zaila izaten da biltzeko egunen bat adostea sasoi horretan. Baina irailetik aurrera buru-belarri hasten gara auzoko festak prestatzen. Hasieran aste bitan behin, beharbada, eta ondoren astero. Hori gutxi izango balitz legez, jaiak amaitutakoan ere batzar bat edo bi egiten dugu, ospakizunak zelan joan diren baloratzeko eta zer edo zer hobe daitekeen ikusteko.
Ze zailtasun aurkitzen duzue bidean?
Udal-agiriak eta dagozkien baimenak eskatzea izaten da lanik zailena. Gainera, orain dela gutxi erretiroa hartu du Getxoko Babes Zibileko arduraduna zenak, eta langile berri bat ipini dute haren lekuan. Hasiberria denez, oso zorrotza izaten ari da.
Udalak beharrezkoak direnak baino oztopo gehiago ipini ohi ditu?
Ez dakigu esaterik dagoen oztopoak ipintzen dituen edo ez, baina batzuetan ematen du erraztasun asko ez dituela ematen. Seguru asko, eskatzen dituzten agiri denak beharrezkoak dira, ez dugu hori zalantzan ipiniko. Baina, bestalde, ona izango litzateke erraztasunak edo laguntza ematea horiek egiteko.
Poztasunak ere izango dituzue, ezta?
Bai. Jai-batzordeko kideontzat oso polita izaten da jendea auzoko jaietan gozatzen ikustea.
Ze helburu bete gura duzue jai-egitarauaren bitartez?
Umeentzako, gazteentzako, helduentzako eta nagusientzako ekitaldiak egiten ditugu beti. Gauza ezberdinak egitea izaten dugu buruan. Jaietara datozenak pozik egotea da gure helburua.
Zer esango zeniekete herritarrei Hezetasuneko jaietara gonbidatzeko?
Algortako Hezetasuna auzoko San Martin jaiak ezberdinak direla; gainontzeko festak udaldian izaten dira. Guk, ordea, ia-ia neguan egiten ditugu. Gainera, auzo txikia garenez, hurbiltasun handiagoa nabaritzen da ekitaldietan.