Antonio Garamendi, CEOEko buru berria

Iker Rincon Moreno 2018ko aza. 21a, 18:39

Antonio Garamendi artxiboko irudian. © CEPYME

Antonio Garamendi getxoztarra Espainiako Enpresaburuen Elkarteen Konfederazioko (CEOE) presidentea izango da datozen lau urteetan.

Garamendi (Getxo, 1958) oraindino da enpresa txiki eta ertainen Espainiako konfederazioko (CEPYME) burua; hautagai bakarra zen CEOEko lehendakaritzako, eta hortaz, ez dute bozkatu behar izan aukeratzeko.

Enpresaburua CEOEko bosgarren presidentea izango da. Aurretik, Carlos Ferrer Salat, Jose Maria Cuevas, Gerardo Diaz Ferran eta Juan Rosell izan dira karguan.

Getxoztarrak 137 abal aurkeztu zituen, eta Konfederazioa osatzen duten 43 erakundeetatik 43ek babestu zuten. Bigarren aldia da Garamendik bere hautagaitza aurkezten duena; duela lau urte Rosellen kontra galdu zuen.

Zuzenbidean lizentziaduna, hainbat enpresetako administrazio-kontseiluetako kide izan da. Hala nola, Bankoa, Babcock & Wilcox eta Tubos Reunidos. Horrez gainera, zenbait enpresaburu-elkarte zuzendu ditu: CEAJE enpresaburu gazteen patronala edota CEPYME, besteak bete. Hala, enpresa txiki eta ertainen buru izateari utzi beharko dio Garamendik, presidentzian bost urte bete ondoren. Egun konfederazio horretan dagoen 10 presidenteordeetako bat hautatu beharko dute orain CEPYME zuzentzeko.

Ahoztar Zelaieta ikerkuntza-kazetariak gogorarazi ditu Garamendik Ogaunagaz izandako hainbat arazo.

Garamendiren elkarrizketa

Madrilgo IFEMA kongresu-palazioan batu da gaur CEOEko hauteskunde-batzarra. Garamendi aukeratua izan ostean, Zuzendaritza Batzordeak onartu du José Alberto González-Ruiz idazkari nagusi izendatzea.

"Gaurkoa egun berezia da CEOErentzat eta baita niretzat ere", hasi du bere berbaldia getxoztarrak: "CEOEko presidente berriak bere DNAn dauzka enpresa eta enpresari berbak" adierazi du, arbasoak gogora ekarri baino lehen: "nire lau birraitonak eta nire emaztearenak ere enpresariak ziren. Txikitatik ikusi dut enpresa-izpiritu hori". Hala, Garamendik eskerrak eman dizkie emazteari eta seme-alabei, "denok eskertu behar diogulako sendiari erakusten diguten ulermena, gure bokazioan, gizartearen alde lan egitean, hainbeste ordu galtzen dugunean". Bide beretik, 2005ean zendu zen José María Vizcaínoren gorazarre egin du; Vizcaínok Confebask sortu eta zuzendu zuen. Garamendiren arbera, "ulertu ninduen pertsona" izan zen, "espazioak eman zizkigun eta niri bere eskarmentuaz gainera, hegalak ere eman zizkidan".

Bestalde, CEOEko buru berriak gogora ekarri ditu Estatu espainiarrean "terrorismoak" hildako 45 pertsonak, bahitutako beste 50ak eta estortsioa pairatu zuten beste 10.000 bat, bertaratutakoen txalo-zaparradaren artean.

Iaz CEOEk 40. urtemuga ospatu zuen; "enpresari-talde batek etorkizunean pentsatzeko plan estrategikoa landu zutelako", baloratu du getxoztarrak: "gaur, 41 urte beranduago, printzipioez berba egiteko garaia da". Hala, bost gakoren inguruan eraiki du bere berbaldia: Espainia, enpresariak, topaketa, eboluzioa eta izpiritua.

Bost gakoak

"Espainia, konplexu barik" defendatu du Garamendik, Estatuko banderagaz batera 17 autonomia-erkidegoen "bandera konstituzionalak" ipintzeko eskatu aurretik: "Guk borrokatzen dugun Espainia modernoa eta Europan integratua da", adierazi du. Halere, ondoren "Felipe VI Espainiako erregeari koroarekiko leialtasuna eta babesa" erakutsi dio, "gure herriko enpresari denen izenean".

Enpresariei dagokienez, iragarri zuen gazte enpresariak ardatz izango direla CEOEn: "ni oraindino gazte enpresaria sentitzen naiz. Gazte ekintzaileak animatuko ditugu Espainia zeharkatu eta ekiteko gogoak susta ditzaten". Modu berean, krisia pairatu duten enpresarientzako bigarren aukera bat eskatu du: "langabeziaren ilaran daude, baina ezin dute kobratu". Gainera, gizartea kontzientziatu behar dugu, enpresari-bokazio gehiago egon dadin".

Topaketaren kontzeptuaren gainean, Garamendik azaldu du "CEOE ehunka mila enpresa" direla. Bere ustean berak ordezkatuko ditu "alfonbra gorriak zapaltzen dituztenak eta ez dutenak egiten, gehiengoa dena". "Batzuetan lurraldeen arteko gatazkak edo sektoreen artekoak izan ditugu, baina beti ahalegintzen gara jarrera komunak topatzen, CEOEk hori egin du azken 41 urteotan", defendatu du, "inklusiboak gara; hemen denok daukagu lekua" esan aurretik. CEOEko buru berriak berba onak izan ditu bake sozialarentzat eta gogora ekarri du selkarrizketa sozialerako 5.000 mahai zabalik dituztela sindikatuek eta enpresariek. Ildo horretan, Pedro Sánchezen Gobernua kritikatu du, lanbide arteko gutxieneko soldata aldebakartasunez igotzeagatik, "langileok eta enpresariok baztertu gaituztelako". Bestalde, administrazio publikoei leporatu die kontratazio publikoaren gaineko desadostasunak izatea eta iragarri du hala segituz gero, enpresak "krisira eta porrotera" bideratuko dituztela.

Laugarren puntu gisa, Garamendik azpimarratu du "iraultza digitalaren" garrantzia, "etorkizuneko erronka berria" delako. Lanbide Heziketa hobetzea, berriz, "premiazko" da, bere ustean. Garrantzia eman dio ere enpresek nazioartera jotzeari: "milaka enpresarik hartu zuten maleta", azaldu du. "Gure herriaren etorkizuna da jakitea Europan eta munduan gaudela. CEOEk indartuko du nazioartekotzearen aldeko apustua, CEOE Internacional markaren bidez", segitu du. Bere berbaldian goraipatu du gizonezkoen eta emakumezkoen arteko aukera-berdintasuna: "Promociona proiektua eredugarria da, berdintasuna lortzeko CEOEren bandera-ontzia da", harrotu da. Horren ostean, getxoztarrak iragarri du datozen egunotan soldata-arrakalaren gaineko txosten bat aurkeztuko duela, Batzorde Exekutiboan izenda ditzakeen bost pertsonak emakume-enpresariak izango direla eta presidenteordetzen kopurua handituko duela emakume gehiago sartu hala izateko. Azpimarratu dituen beste helburu batzuen artean, aipagarria da ingurumen-iraunkortasuna, lortu gura duena autogintzari "babes osoa" aginduta.

Azken gakoan, "izpiritu eta arima" eskatu dizkie bildutako enpresariei, "prozesuetan gardentasuna eta erabakietan demokraziaz gainera". Bere aldetik, Garamendik agindu du independentziaz, Estatu-zentzuaz eta instituzio-leialtasunaz jokatuko duela. Horren berri eman dio zuzenean Carmen Calvo Espainiako Gobernuaren presidenteordeari.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun