Udal-hauteskundeak 2019

"Pertsonengan pentsatzen duen politika" egingo duela agindu du Carmen Díaz Getxoko PSE-EEren alkategaiak

Iker Rincon Moreno 2018ko abe. 3a, 13:44

Carmen Díaz, erdian. © BIZKAIKO PSE-EE

Carmen Díaz Erandioko zinegotzi ohia izango da Getxoko PSE-EEren alkategaia 2019ko maiatzean egingo diren udal-hauteskundeetan.

Getxoztarra da, 41 urte ditu eta Genero Berdintasuneko Goi Teknikaria da, baita Lan Arriskuen Prebentziorako Teknikaria ere. Joan den barikuan aurkeztu zuen hautagaitza, eta beregan konfiantza izatea eskatu zien getxoztarrei: "gure udalerriaz harro gaude, baina kantsatuta gaude orain arteko agintariek postalezko Getxo bat aurkezten dutelako bakarrik".

Díazek azaldu duenez, "Getxo bizitzeko izugarrizko udalerria da, baina begirada sozialista bat behar du, pertsonengan fokua jartzen duen aldaketa sozialista baten beharra du. Getxo udalerri aberatsenetako bat da, baina baita desberdintasun-indizerik handienetakoa duena ere bai".

Hala, baieztatu du proiektu "gazte eta berritu" bat aurkeztuko duela, "udalerrian eragina izateko prest dagoena". Era berean, azpimarratu du gobernatu gura duen eta "jakin badakien" alderdi bat dela PSE-EE, "gobernantza ireki bat defendatzen dugu, plurala, gardena eta parte-hartzailea. Entzuteko etorri gara, ez dugu ezer inposatuko eta ez dugu parte hartuko antzerki alderdikoietan, benetako arazoei benetako irtenbideak emateko gatoz".

Berdintasunaren aldeko borroka defendatu du hautagai sozialistak, "pertsonengan oinarritzen garelako", eta bere ezinegona aurkeztu du etxebizitza bat eskuratzeko Getxon dagoen arazoaren inguruan, "gazteen artean batez ere". "Gure indar guztia inbertituko dugu udalerria birpentsatzeko eta bestelako erakundeakaz elkarlanean aritzeko neurriak hartzeko, etxebizitza berton bizi gura duten denentzako benetako eskubide subjektiboa izan dadin", konprometitu da.

Era berean, politika sozialak berriz pentsatzearen alde egin du, "Getxo zahartzen delako, gazteek ezin dutelako etxebizitzaren prezioari aurre egin, eta gure adinekoek behar dute zahartze aktiboa eta osasuntsua bermatzen dugula". Gainera, udalerri iraunkor baten aldeko apustua egin du, eta udalerriko aparkaleku arazoak konpontzeko konponbideak bilatzeko konpromisoa hartu du.

"Udalerri honek behar duen aldaketa lortzeko lan egingo dugu, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean, aukera berdintasunean, bizitza errazagoa izateko, gure zeregin nagusia da hori", esan du sozialista getxoztarrak.

 

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun