Udal-hauteskundeak 2019

Carmen Díaz izango da Getxoko PSE-EEren alkategaia

Iker Rincon Moreno 2018ko urr. 22a, 11:03

Carmen Díaz. © BIZKAIKO PSE-EE

Carmen Díaz Erandioko zinegotzi ohia aukeratu zuten atzo Getxo udalerriko militante sozialistek, datozen udal-hauteskundeetan zerrendaburua izan dadin.

Bizkaiko PSE-EEko Gizarte Mugimenduetako eta Dibertsitaterako idazkariak botoen %55,04 lortu zuen; Luis Almansa Algortako PSE-EEko elkartearen idazkari nagusi eta alkategai ohiak babesen %43,17 batu zuen. Hala, Díazek asumituko du "Txefo" Landak orain dela lau urte hartu zuen ardura.

Uribe Kostan hauteskunde primarioak egitekoak ziren 20.000 biztanletik gorako udalerrietan. Halere, Getxon soilik ipini behar izan dituzte hautetsontziak. Erandion eta Leioan, hautagai bakar bana aurkeztu zen: Erandion Jorge González Berdintasun zinegotzia izango da alkategaia; Leioan, berriz, Juan Carlos Martínez bigarren alkateordea izango da zerrendaburua.

Dena den, Uribe Kostako herriko etxe denetan botazioak izan dira, Bizkaiko Foru Aldundiaren diputatu nagusigaia aukeratzeko. Barne-lehia horretan, Teresa Laespada nagusitu da. Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasun diputatuak botoen %73,58 jaso du. Bere arerioa Juan Manuel González izan da, Algortako elkartearen antolakuntza-idazkari, PSE-EEren zuzendaritzako kide eta sektore kritikoko partaidea. Gonzálezek %24,86ko babesa izan du.

Primario horietan parte hartu du Bizkaiko militante sozialisten %60 batek, alderdiak zabaldutakoaren arabera.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun