"Udalak bere lehentasunak aldatzea" eta arlo sozialari garrantzi handiagoa ematea da GUK Getxoren helburu nagusia, hautagaiek adierazi dutenez. Ildo horretan, nagusien etxea eraistearen guztiz aurka agertu dira. "Udaleko pertsona nagusien egoera aldatu beharra dago, ez baitute behar besteko arreta jasotzen", Kike Pradaren esanetan; "eta gauza bera esan daiteke gazteez eta etxebizitza lortzeko dauzkaten zailtasunez".
Udalerriko auzo denen hobekuntza lortzeko ahalegina egingo dutela iragarri du Pradak, politika inklusibo, ekologiko eta feministen bitartez. Bestalde, GUKeko kideek gogor kritikatu dute oraindino jardunean dagoen gobernu-taldea: "Onartezina dira bertako krisi etiko eta morala, hala nola ustelkeria eta klientelismoa"; salatu dute.
Gaur egun GUKek dituen lau zinegotzietatik Prada da zerrenda berrian dagoen bakarra. Beste bi, Paula Amieva eta Susana Andollo, Elkarrekin Podemosen hautagaitzan joango dira oraingoan.