Udal-hauteskundeak 2019

Amaia Agirre: "Gazteei euren lan-proiektua Getxon garatzeko aukera emango diegu"

Kerman Santiago Alkorta 2019ko mai. 22a, 10:03

Imanol Landa Getxoko alkatea eta Amaia Agirre EAJren alkategaia. © Getxoko EAJ

Hiriko erdigunerako sarbidea "errazteko" hiru parking eraiki eta Kirol Portuan itsasoagaz "zerikusia duten jarduerei" lotutako enpresa bat ere sortuko dutela adierazi du jeltzaleen alkategaiak. Kirol-arloan, Getxo Bizkaiko Badiako hiririk onena izan dadin "lan egingo" duela ere gogoratu du Agirrek, besteak beste.

Getxon familiek seme-alabengan "inbertsio handia" egiten dutela adierazi du alkategai jeltzaleak: "Gazte horiei guztiei euren lan-proiektua haien herrian garatzeko aukera emango diegu". Halaber, kirolari, ongizateari, turismoari eta industria sortzaileei lotutako sustapen ekonomikorako neurri zehatzak gauzatuko dituela adierazi du.
 
Tokiko merkataritza eta ekintzailetza bultzatzearen alde ere agertu da Agirre, udalerriko "enpresa handien eta txikien arteko lankidetza" bultzatu eta "kalitatezko elikagaien kontsumoa" sustatze aldera. Gainera, industriako turismo-egitasmoakaz lankidetzan arituko dela azaldu du: "Turismoa Getxoren pieza estrategikoa da".
 
Algortarako sarbidea "errazteko asmoz" ekin diote daborduko Manuel Gainza aparkalekua eraikitzeari. Itzubaltzeta/Romon eta Areetan ere aparkalekuak eraikiko dituztela iragarri du Agirrek.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun