Udal-hauteskundeak 2019

Getxoko udal-hedabide publikoei "astindua" eman gura die Elkarrekin Podemosek

Unai Brea 2019ko mai. 24a, 07:56

© ELKARREKIN PODEMOS

Getxoberri aldizkarian eta Getxo Irratian aldaketa handien beharra aldarrikatu zuen Elkarrekin Podemos koalizioak atzo egindako hauteskunde-topaketan. Kultur politika izan zen ekitaldiaren ardatz nagusia: "Eguneroko kontua izan behar du kulturak, ez jaialdien inguruan ardaztutako zerbait".

"Getxoberri-k utzi egin behar dio EAJren propagandarako bitartekoa izateari, eta herritarren interesen araberako informazioa eman behar du, pluraltasuna islatuta". Hala esan zuten atzo Elkarrekin Podemoseko kideek, Itzubaltzetan egindako ekitaldian. Bestalde, Getxo Irratia berpiztu eta entzuleak berreskuratzeko proiektua dutela azaldu zuten, EHUrekiko hitzarmen baten bidez "Udala ordezkatuko duen irrati publikoa bihurtu dadin".

"Ez ditugu behar kultur edukirik gabeko eraikin handiak"

Kultura oinarrizko eskubidetzat hartu beharra dagoela aldarrikatu zuten. Ina Robles alkategaiaren esanetan, "eguneroko kontua izan behar du, ez jaialdien ingurukoa bakarrik". Kultura deszentralizatzearen aldeko apustua egin zuen hautagaiak, kaleetara eta bestelako guneetara eroanda. Aipatu barik, Muxikebarri kulturgunearen eraikuntza eta kudeaketa kritikatu zituen: "Ez dugu uste edukirik gabeko eraikin handiak egin beharra dagoenik, gero kultur proiektuen falta izango dutenak".

Roblesegaz batera, Paula Amieva eta Susana Andollo hautagaiek parte hartu zuten ekitaldian, baita ere Edu Maurak, Espainiako Kongresuako Kultura Batzordean Unidas Podemosen ordezkari ohiak. "Getxon desberdintasun handiak daude, eta halakoetan, kultur politika plural batek lagundu dezake udala egituratzen" esan zuen Maurak. Hori dela eta, zeharkako diru-laguntzen bidez kultura sustatzeko eskatu zuen.     

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun