Elkarrizketak

Aukera Okerra: "Algortako jaietan arituko gara, uztailaren 30ean, Txiki Otaegin"

Asier Barrutabeña Rivallo 2019ko eka. 7a, 08:52

Aukera Okerra laukotea. MARIA GOROSTIOLA

Aukerarik okerrena izan ez zelakoan nago, amaiezinak diren gau horietarikoren batean, ehunka garagardoren eta ke jasanezinaren artean, laukote honen partaiderik zaharrenak beren kideei mehatxu egin zienean. Argi dagoen bakarra hauxe da: betiko lagun horien izenak, Aukera Okerra beharrean, Alaintxoren Semeak izan beharko lukeela.

Nortzuk zarete Aukera Okerra (zeintzuk taldetatik zatozte, etab.) eta zelan sortu zen taldea sortzeko ideia?

Aukera Okerra Aldaik, Torrek, Torrentek eta Alaintxok osatzen dugu. Esan daiteke denak Algortan orain dela 10-15 urte hasi zen Punk-Oi mugimendutik gatozela. Taldea sortzearen ideia, ba... Alaintxok 4 Anai musika-taldearen amaiera gero eta hurbilago ikustean beste talde bat sortzea erabaki zuen. Hainbat mehatxu eta inposizioren ondoren, gainerakook ez genuen aukerarik izan bai ala ez esateko, eta hemen gaude.

Taldeko kide gehienek, zuen aurreko taldeetan, musika-mota oso ezberdina egiten zenuten. Zer dela eta aldaketa hori?

Seguru aski nagusiak egin garelako (ez helduak), edo betiko musika eta letra berberak behin eta berriz errepikatzeaz potrotaraino gaudelako.

Diskoaren eta zuen kamiseten diseinuak oso bereziak dira, zuek egiten dituzue ala lagunen batek egiten dizkizue?

Pergoi Lab-eko Anderrek egiten dizkigu. Barne Barnetik elkarteko kartelak ikusita ezagutu genuen eta pentsatu gabe berari eskatu genizkion kamiseta eta LParen diseinuak. Hala ere, kamiseta baten diseinua Torrentek egin du.

Disko berria kalean izanda, aurkezpen-kontzertu asko egiteko asmoa duzue? Zuzenekoen datak eta lekuak aurreratzerik bai? Aurkezpen-kontzertua?

Ez gara hain profesionalak, baina dataren bat badaukagu bai. Ekainaren 8an La Kadenako jaietan egongo gara, Algortan geratzen zaigun taberna-gune errespetagarri bakarra defendatzen, "Satis, Sustrai, esta puta mierda es lo q hay...", Coca d’Anxova talde famatuaren esaldiak dioen bezala. Uztailaren 30ean, aldiz, Algortako jaietan ibiliko gara, Txiki Otaegi plazan. Udaren ostean badaukagu dataren bat baita ere, baina konfirmatu barik.

Zelan ikusten duzue zuen herriko musika-taldeen eta eskaintza kulturalaren egoera?

Uf, Getxoko Udalak bultzatzen duen eskaintza kulturala? Botaka egiteko modukoa da, eskerrak gazte mugimenduek alternatibak lantzen dituztela. Herriko musika-taldeei dagokionez, ez dago asko esaterik, pare bat talde gazte daude gogo eta indar askorekin, baina horietatik aparte, ezertxo ere ez.

Getxo Antzoki berriaren zabalpena eta zuen disko berriaren argitaratzearekin batera... aurkezpen-kontzertua Getxo Antzokiko 1.000 ikuslerentzako gelan egiteko asmorik duzue?

Kar kar kar, egia esan ez dugu gure burua 1.000 pertsonaren aurrean ikusten, baina bueno... Esne Beltzak RIPen abesti eder bat suntsitzeko eskubidea badauka, beharbada gu ere Antzokira igo gaitezke eta Nino Bravoren pare bat bertsio egin.... Fuck Esne Beltza!

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun