Kasinoko plazatik porturaino joango da indar okupatzaileen kontrako Algortatik Hanka mugimenduak antolatutako herri-martxa. Arratsaldeko 19:00etan ipini dute hitzordua, "Ez dira ongi etorriak, alde hemendik" goiburuagaz.
Abrako uretan dago oraintxe Juan Sebastian Elcano, bihar (uztailak 6) beste zenbait ontzigaz batera Getariara abiatzeko zain. Uztailaren 7an egongo da Elkanoren jaioterrian, eta ondoren Getxora itzuli eta egun bi egingo ditu espainiar armadaren ontziak hemen. Uztailaren 8an (astelehena) gura duten herritarrek bisitaldi bi egin ahal izango dituzte, 11:00etan eta 12:00etan, eta uztailaren 9an orduero egin ahal izango dira bisitak, 11:00etatik 23.00etara bitarteko ordutegian.
Gogoratu beharra dago martxoan milaka lagunen bisita jaso zuen Juan Carlos I gerraontziak Getxoko portuan. Protestak ere egon ziren, eta Udaleko Bozeramaleen Batzordeak desadostasuna agertu zuen ontzi hori, eta edozein gerra-ontzi, bertan egoteagaz.