Carmen Diaz Berdintasun Zerbitzuko zinegotziak azaldu ditu Udalak martxan ipinitako kanpainaren nondik norakoak. Esan duenez, "helburua da eraso sexistarik gabeko jai berdinzaleez gozatzea, horiek sustatzea, eta edozein erasoren aurrean erreakzionatzea, biktimari laguntzea eta salatzea".
Mezua zabalduz sentsibilizazioa eragitea da kanpainaren muina. Horretarako, haren irudia eta leloa dituen totem bat ipiniko dute leku esanguratsuetan, Getxon egiten diren jai denetan (Aixerrotako paella-lehiaketa, Algortako saninazioak, Itzubaltzetako jaiak, Portu Zaharrekoak, eta Ama Mesedetakoak, Areetan).
Gainera, 5.000 eskumuturreko more emango dizkiete jai-batzordeei eta ostalaritzako establezimenduei. Eraso matxistarik gabeko jaiak irakurri ahal izango da horietan. Eta jaiek dirauten bitartean, bideo bat zabalduko dute sare sozialen bitartez. Bideo horretan, bizikletak uzteko guneetan ikus daitezkeen indarkeria matxistaren aurkako esaldiak agertuko dira.