Raspas Arraun taldea emaitza hobeak lortzeari begira jarri da aurtengo denboraldian

Erredakzioa 2019ko urr. 7a, 10:57
© RASPAS

Amaitu berri den denboraldian ehun dominatik gora lortu dituzte Raspas del Embarcadero Arraun Elkarteko kirolariek; era berean, aulki mugikorreko Euskadiko talderik onena da, espainiar Estatuko rankingeko 4.a eta nesken Espainiako Txapelketako hoberena.

Raspas del Embarcadero Arraun Elkarteak helburu nagusi bat dauka aulki mugikorreko datorren denboraldiari begira: klub bezala hazten jarraitzea eta aulki mugikorreko modalitatean berriro nesken talderik onena izatea eta ranking orokorrean mailaren bat igotzea. Horretarako, arraunlari berri garrantzitsuak sartu ditu taldean, beste elkarte batzuetatik etorri diren arraunlariak. Zentzu horretan, elkarte horren beste helburuetako bat da bere kirolari batzuk Espainiako selekzioan sartzea, hala nola Izaskun Etxaniz, Koxme Burutaran, Andrés Lineras, Unai Mielgo eta Michel Abdelnaur.

Aurtengo denboraldia amaitu ondoren (Espainiako Itsasoko Txapelketa jokatzea baino ez da falta, Alacanten, urriaren 12 eta 13an), Raspas Arraunek bikaintzat jotzen ditu aulki mugikorreko lehiaketa ofizial ezberdinetan lortu dituen emaitzak: ehun dominatik gora; horiei esker Euskadiko podiumean maila gorenera iritsi da, Estatuko ranking orokorrean laugarrena da (bakarrik Sevillako Club Náutico eta Real Círculo de Labradores eta Club Natació Banyoles taldeen atzetik da) eta Espainiako Txapelketako nesken talderik onena izan da.

Virginia Díaz, Espainiako taldeagaz kontzentratuta

Azken denboraldi honetan erdietsitako garaipenik handiena Virginia Díazek Luzernako (Suitza) Europako Txapelketan lortutako urrezko domina da; 2- modalitatean izan zen txapeldun Adina Cid espainiar selekzioan duen kideagaz batera. Estatuko arraunketaren ehundik gora urteetan ontzi batek lortzen duen lehenengo txapela europarra izan da. Hori bezain aipagarria da Virginiak eta Ainak Linzeko (Austria) Munduko Txapelketan lortu zuten bosgarren postua; izan ere, horrek 2020ko Tokioko Olinpiar Jokoetarako txartela eman die.

Olinpiadetako hitzordua prestatze aldera, Virginia kontzentratuta dago Espainiako selekzioagaz Banyolesen (Girona) hilabete honetako azken egunetara arte. Azaroan ere beste hiru astez joango da Sierra Nevada mendilerrora eta Gabonak baino lehenago hirugarren elkartze batean izango da Galizian, prestaketagaz jarraitzeko. Hots, datorren urteko uztail amaieran egingo diren Olinpiadak ia-ia hasi arte, kontzentratuta izango da. Hori dela eta, 2020ko Munduko Kopa, esate baterako, ohi baino lehenago jokatuko da.

Jokoetara arte, hortaz, Raspaseko arraunlariaren prestaketa guztiaren eta lehiaketa egutegiaren ardatza lemazain gabeko bi ontzia (2-) izango da, “ontzi berria, duela urtebete baino gutxiago osatua, baina hobetzeko aukera handiena duena”, Marcos Morales klubeko entrenatzailearen arabera. “Virginia ondo moldatu da ontzira, eta Adina bere taldekidearekin guztiz bat egiten du. Talde oso ona da, oso lehiakorra, non bi arraunlariak elkarren osagarri diren: Virginia hotzagoa da, etekinzaleagoa; eta Adina berriz, oldarkorragoa, aldartetsuagoa”, nabarmendu du Marcosek. Prestatzailearen iritzian, bi arraunlariek, fisiologikoki, 3-4 segundotan hobetu dezakete beren marka, ergometroan. “Hor egon daiteke gakoa Joko Olinpikoetan domina bat lortzeko aukera izateko, nahiz eta oso zaila den”, aipatu du.

Beste emaitza aipagarri batzuk

Marcos Moralesek Hungarian duela gutxi jokatutako Munduko Master Txapelketan eskuratutako zazpi dominak ere nabarmendu du Romoko klubak; horietako hiru Txaber Lekubarri taldekideagaz batera lortu ditu (8+ modalitatean). Biek ere, Raspasen banderaren pean parte hartu zuten, beste herrialde batzuetako arraunlariakaz ontzi konbinatuak osatuz.

Txalogarria da, gainera, Ondiz Lekubarrik Luzernako Europako Txapelketan egindakoa, non zortzigarren tokian sailkatu zen skiffagaz, baita Aimar Astigarragak Italiako Gazteriaren Kopan egindakoa ere, laugarren izan baitzen scull bikoitzean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun