Elkarrizketak

Virginia Diaz: "Europako emaitzak ikusita, baliteke Joko Olinpikoetarako klasifikatzea"

Iker Rincon Moreno 2019ko eka. 25a, 11:15

Virginia Diaz. © BASQUETEAM

Virginia Diaz getxoztarra 2020ko Tokioko Joko Olinpikoetan lehiatzeko aukerak dituen kirolarietako bat da, Europako txapeldun absolutuaren titulua eskuratu ondoren. Raspas del Embarcadero Arraun Elkarteko kirolariak azaldu digunez, abuztuaren 25etik irailaren 1era bitartean Ottensheim-en (Austria) jokatuko den Munduko Txapelketan eskura dezake horretarako txartela.

Europako txapeldun absolutuaren titulua lortu ondoren, 2020ko Tokioko Joko Olinpikoetan lehiatzeko atarian zaude. Zeintzuk aukera dituzu horretarako?

Abuztuaren akabuan Munduko Txapelketa jokatuko da, eta horretan Joko Olinpikoetarako lehenengo 11 pertsonak klasifikatuko dira. Oraindino indartsu dauden AEB, Txina, Kanada, Zeelanda Berria eta Australia taldeakaz lehiatu behar gara; hala ere, Europako emaitzak ikusita, baliteke aukerak izatea klasifikatzeko. Oso pozik gaude lortutako emaitzakaz eta lanean jarraitu behar dugu amets hori egikaritzeko.

Arraunean hasi zinenean horren gorenera helduko zinela imajinatzen zenuen?

14 urte nituela hasi nintzen arraunean. Garai horretan ez nuen imajinatzen horrelako emaitzarik lortuko nituenik; helburuak ezartzen nizkion nire buruari, eta horiek gainditu ahala, zailagoak jartzen nituen. Egoera horren zurrunbiloak kirol honetan bete-betean murgiltzera eraman ninduen.

Zure burua Tokion imajinatzen duzunean zer sentitzen duzu?

Asko zirraratzen naiz amets bat delako, eta errealitate bihurtzea asko gustatuko litzaidake.

Zergatik aukeratu zenuen arrauna?

Nire lehenengo entrenatzaileak kirolariak bilatzen zituen eskoletan eta arraunean hasteko gonbita egiten zuen. Asko inplikatu zen nigaz, eta lehiaketa erakutsi izanak eta ondo egiten nuela ikusteak aurrera segitzera animatu ninduen.

Zeintzuk arraun-modalitate praktikatzen dituzu? Horietako zeinean zaude erosoen?

Betidanik egin dut arraun skiffean. Banakako modalitatea da eta internazionalki maila handia du. Aurten, gainera, lemazainik gabeko binakakoan ere arraunean hasi naiz, Joko Olinpikoetarako klasifikaziorako aukera gehiago daudelako. Skiffean erosoago sentitzen naiz, urte asko eman ditudalako modalitate horretan lehiatzen. Hala ere, lemazainik gabeko binakakora ere oso ondo egokitu naiz, eta gero eta erosoago sentitzen naiz bertan.

Maila goreneko kirola praktikatzeaz gainera Medikuntza ikasten ari zara. Zelan egiten duzu bi helburu horiek gainditzeko?

Zaila egiten ari zait aurten denbora gehiago inbertitzen diodalako arraunari aurtengoa klasifikaziorako urtea delako. Ordutegiak ondo antolatzen saiatzen naiz, urtez urte ahalik eta ikasgai gehien gainditu ahal izateko.

Non ikusten duzu zure burua etorkizunean?

Lehen gehiago arduratzen nintzen etorkizunaz, ez nuelako oso argi zer egin gura nuen maila laboralean. Orain, aldiz, egunez egun zentratuago nago. Ez dut ezer baztertu eta ikasten jarraitzen dut, une hori heltzen denerako prestatuta egon nadin.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun