Ottensheim-Linzen indarrean dagoen Munduko txapelketako finalerdian hirugarren sailkatzeak txapelketako A finalerako pasea eman dio Basque Teameko Virginia Diaz arraunlariari, baina ez hori bakarrik: 2020ko Tokioko Joko Olinpikoetan lehiatzeko txartela ere erdietsi du.
Gaurko finalerdia zaila zen, Australia eta Kanada zituztelako aurkari, Munduko potentzia handienetakoak, eta lehen hiruen artean bukatu behar zutelako txapelketako azken mailara iristeko. Australiar eta kanadarrak hasieratik estropada buru jarri diren bitartean, Virginia Diaz eta Aina Cid gogor borrokatu behar izan dira eta Errumaniaren bultzadei aurre egin behar izan diete W2- probako hirugarren postuari eusteko. Australiak txanda irabazi du 06:58.000ko denboragaz, Kanada bigarren izan da 07:00.450ko markagaz eta Diaz eta Cid hirugarren 07:03.160 denboragaz.
Lucernan Europako txapelketa irabazi ondoren, Virginia Diaz Ottensheim-Linzeko Munduko txapelketara Tokio 2020rako plaza bat lortzeko asmoagaz etorri da eta lortu egin du. Jokoei begira modalitatea aldatu du eta orain Aina Cidegaz batera egiten du arraun, lemazainik gabeko biko ontzian. Gogor lan egin behar izan dute egoera berrira moldatzeko baina maiatzeko Lucernako Europako txapelketan argi geratu zen lortu dutela, urrezko domina irabazi baitzuten, estropada bukaera ikusgarria eginda gainera.