Uribe Kostako lehen sektorea

“Lurra lortzea zaila izango ez balitz, baserritar gehiago egongo litzateke”

Iker Rincon Moreno 2019ko urr. 9a, 09:48

Peio Fuenteren arabera, produktu ekologikoek eta hurbilekoek oso eskari handia dute gaur egun.

Uribe Kostako Agroasanbladako kidea da Peio Fuente nekazaria. Otzaren bitartez eta Itzubaltzeta/Romoko merkatuan saldu ohi ditu Urdulizen landutako produktuak. Uda partean, gainera, bendeja egiten du Itzubaltzetako elizako arkupeetan. 

Peio Fuente baserritarra 2013an hasi zen Itzubaltzetako elizako arkupeetan udako bendeja saltzen. Urte horretan hurbildu zitzaizkion udaltzainak lehenengo aldiz bertatik botatzera; hala ere, bertan jarraitu eta normaltasun osoz segitu du urtez urte 2018ra arte. Iazko abuztuan udaltzainak etorri zitzaizkion eta Getxon kale-salmenta debekatuta dagoela ohartarazi zioten. Aurtengo abuztuan, saltzeko zuen dena konfiskatu zioten. Hala ere, bertan jarraitu du, astelehenero, bendeja saltzen, joan den irailaren 15era arte. Fuentek dioenez, uzta-sasoi emankorrenetan (abuztuan eta irailean) soberako ortuariak saltzeko aukera on bat da bendeja. Izan ere, urtean zehar Urdulizko soloan landutako produktuak otzaren bitartez saltzen ditu; Itzubaltzeta/Romoko Branka herriko tabernan banatzen ditu, eta udako sasoi horretan taberna hori itxita egoten denez, elizako arkupetan egiten du banaketa. “Hala, bertan zain nagoen bitartean, inguruan pasatzen denari ortuariak saltzeari ekin nion”.

Eguenero, gainera, auzo horretako merkatuan postutxoa izaten du Fuentek, eta bertan saltzen du ekoiztutakoaren zatirik handiena: “Hasiera batean, nire produkzio gehiena otzaretara bideratuta zegoen; gaur egun, ordea, merkatuan saltzen dut gehiago. Bertan jendeak aukera dezake zer nahi duen; otzaretan, aldiz, sasoi horretako produkzioaren arabera jasotzen dituzte produktuak.

“Legalitatearen ikuspegitik baino, logikatik heldu beharko genioke. Bendeja egitea guztiz zilegi dela uste dut, hemen eta edonon”

Bendeja edo plaza egoki baten beharra

Fuentek azpimarratu duenez, inguruko hainbat udalerritan bendejak eta plazak berreskuratzeko saiakerak egiten dabiltza. Getxon, aldiz, kale-salmenta debekatuta dago eta oraindino ez dago aurreikusita bendeja erregulatzeko araudirik. Itzubaltzetako baserritarrak ohartarazi duenaren arabera bendeja legeztatzeko modu bat Udalari baimen bat eskatzea da: “Baimen bat izatea eskatzen digute, baina ez dut eskatu ezinezkoa zaidalako Udalak eskatzen duenari aurre egitea. Gizarte Segurantzan doakion erregimenaren barruan alta eman behar dugu, aseguru bat kontratatu... Ez du merezi gastu horiei denei aurre egin behar badiegu”.

Lurra eskuratzeko zailtasunak

Nekazari jarduteko zailtasun handienetako bat da lantzeko lur bat aurkitzea. Fuentek “urte piloa” daroa baserritar modura lanean, “baina askotan mugitu behar izan dut leku batetik bestera eta ezin izan dut epe luzerako proiektu bat garatu”. Bakion zegoela, esplotazio-alta ematea lortu zuen beste hainbat kidegaz batera. “Salmentarako baimena genuen, baina kontuak ez ziren ateratzen”. Orain Urdulizko solo batean dabil, baina ezin izan ditu hainbat berme lortu: “Nire asmoa da den-dena profesionalizatzea, baina lehenago baldintza zehatz batzuk bermatu behar ditut, hala nola epe luzerako leku bat izatea, ondoren proiektu sakon bat bideratzeko”. Zailtasunak zailtasun, Uribe Kostako Agroasanblada goraipatu du Fuentek, “elkarri laguntzen diogu, auzolanak egiten ditugu eta hainbat proiektu garatu ditugu”.  

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun