Lau urte igaro dira Usategiko kafetegiak ateak itxi zituenetik. Ordutik, Getxoko Udalak saiakerak egin ditu bere jabetzakoa den higiezin hura errentamenduan emateko, azkena 2017an. Errentamendu-kontratuaren helburua da eraikina birgaitzea, pleguetan finkatzen diren beharrezko lanak eginez, ondoren hura taberna-jatetxe gisa ustiatzeko. Horren harira, Getxoko Udalak azaldu du lokala egokitzeko eta etorkizuneko ustiapena arautzeko baldintza-agiri berriak egiten ari direla. Izan ere, aurreikuspenen arabera, 2020ko bigarren hiruhilekoan hasiko dira irisgarritasun-lanak egiten inguru horretan.
Kafetegia itxita segitu du azken urteotan; hala, eraikinaren utzikeria nabarmena izan da, hainbat auzokidek sare sozialetatik deitoratu dutenez. Ildo horretan, Eduardo Andrade PPko zinegotziak Getxoko Udalaren "arduragabekeriari" eta ustez eraikin horretan zeuden "okupei" egotzi die atzoko sutea. Horri erantzunez, Getxoko Udalak jakinarazi du eraikinean sartzeko saiakerak egon direla inoiz; hala ere, Udaltzaingoaren jarduketetan barruan inor aurkitu ez dutela eta sarbide denak itxi dituztela azaldu dute. Era berean, sutea izan zen unean inor ez zegoela argitu dute. Hala ere, gertakaria ikertzen ari dira, sutea nahita eragindakoa izan daitekeelakoan.
Getxo. Usategi Parkean;
— SOS Deiak - 112 (@112_SOSDeiak) December 4, 2019
Akeit-etxea batek su hartu du. Larrialdi-zerbitzukoak bertan dira #sutea
__
Getxo. En el parque Usategi;
Incendio de una cafetería. Servicios de emergencias en el lugar pic.twitter.com/Zsc5JLKsBT