Akuarioa ixtearen erabakia atzera bota dezala eskatu diote grebalariek Getxoko Udalari

Iker Rincon Moreno 2019ko abe. 13a, 11:54

Kaleratutako bi langileak berrezartzea eta dagokion hitzarmena "behar bezala" aplikatzea aldarrikatzeko greba mugagabea abiatu dute Getxo Aquariumeko hainbat langilek.

Greban dauden Getxo Aquariumeko langileak deitoratu dute prentsa-ohar baten bidez jakin dutela akuarioa ixteko udal-arduradunen erabakia. Horren aurrean, salatu dute hilabete biko borrokaldi horretan udal-arduradunak "inoiz ez" direla arduratu egoera konpontzeaz, "erabakia aspalditik" hartuta zutelakoan.

Getxoko Udalak Getxoko akuarioa urtarrilaren 31n ixteko proposamena egin du, Bizkaiko Foru Aldundiak zerbitzu horren finantzaketa etetea erabaki ondoren. Zerbitzu hori etetearen ideia joan den eguazten gauean ohar baten bidez helarazi zien Gobernu-taldeak (EAJ eta PSE-EE) gainontzeko alderdiei; ondoren, prentsa-ohar baten bitartez egin zuten atzo publiko intentzio hori. Horren aurrean, hilabete bi greba mugagabean dauden Getxo akuarioko langileek deitoratu dute prentsaren bitartez izan dutela horren denaren berri. Salatu dutenez, greba hasi zutenetik Udalagaz biltzeko eskaera egin dute hainbatetan eta denbora luzez horren zain egon dira; orain, Javier Urkiaga ELAko langileen ordezkariak HIRUKAri iragarri dioenez, datorren eguaztenean, abenduaren 18an, bilduko dira Getxoko Ingurumen zinegotziagaz euren etorkizunaren nondik norakoen berri izateko.

Egoera horren aurrean, grebalariek eta ELA sindikatuak ondorioztatu dute Gobernu-taldeak "aspaldi erabakia hartuta" zuela eta azaroaren 28ko osoko bilkuran langileei informazioa "nahita eta kontzienteki ezkutatu" ziela. "Hori lotsagarria da. Onartezina da Getxoko Udala egiten ari dena. Ez da inoiz arduratu Disetecmar enpresaren kudeaketaz akuarioan; ez du jardun Akuarioko langileek bizi duten egoera konpontzeko, eta orain hura ixteko erabakia hartu du, langile-talde osoa kalean utziz, inolako eragozpenik eta justifikaziorik gabe", salatu dute.

Hala, akuarioa ixteko erabakia atzera bota dezala eskatu diote grebalariek Getxoko Udalari, zerbitzu publiko horregaz jarraitzeko, behar bezalako baldintzetan eta langile denak mantenduta. Udal-gobernuak, bere aldetik, adierazi du ez duela proposamen horren gaineko baloraziorik egingo horren inguruko eztabaida osoko bilkuran egin arte.

Hilabete biko borroka

Getxo Aquariumeko hainbat langilek joan den urriaren 14an abiatu zuten greba mugagabea, Udalaren ardurapean dagoen akuarioko kudeaketa daraman enpresa esleipendunak (Disetecmar) kaleratutako langile biak berriro kontratatzea (horietako bat ELA sindikatuko ordezkaria) eta lan-hitzarmena "dagokion moduan" ezar dezatela aldarrikatzeko. Egoera konpontzeko, lan-gatazka horretan esku-hartzea eta neurriak hartzeko eskatu diote hainbatetan Getxoko Udalari, baita eurakaz biltzeko eskaera egin ere.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun