Elkarrizketak

"Iparraldeko lehenengo mailako trinket lehiaketa irabazi duten Hego Euskal Herriko lehenengoak izan gara"

Iker Rincon Moreno 2019ko abe. 18a, 13:43

Inhar Ugarte eta Ekhi Ziarrusta, irabazi ondoren. © BEGIRA-MANU AMADO

Iparraldeko lehenengo mailako ligako txapela jantzi zuen Inhar Ugarte pilotari getxoztarrak domekan, hilaren 15ean, Ekhi Ziarrusta bikoteagaz batera, Garat-Anchordoqui (Atzarri taldea) osatutako bikotea mendean hartu ondoren. Duela urte bi hasitako bideari amaiera eman diote bizkaitarrek garaipen horregaz; hirugarren mailatik abiatuta, lehenengo mailako txapelketa irabazi dute, Endaiarrak taldearen eskutik. Orain, hurrengo urratsa profesionalen mailara saltoa egin gura luketela aitortu digu getxoztarrak: "egin dezakegun dena egin dugu, erabaki hori ez dago gure eskura jada".

Iparraldeko lehenengo mailako trinket lehiaketa irabazi duzue Ekhi Ziarrustak eta zuk. Zer zelakoa izan zen finala?

Egun oso berezia izan zen. Partidua hastekotan zegoela argia joan zen herrian (Irisarri, Behe Nafarroa), baita frontoian ere. Ordu betez egon ginen horrela, eta bitartean berotzen ibili ginen. Jendeak, aldiz, harmailetan jarraitu zuen, mugitu barik; ia bostehun pertsona zeuden hor. Azkenean, argia bueltatu zen eta partida hasi genuen. Ondo hasi ginen arren, oso partidu gogorra izan zen. Irabazten hasi genuen, 4-0; gerora, hainbatetan aurrea hartu ziguten aurkariek, eta beste askotan berdinketak izan genituen. Hala ere, azkenean 40-37 irabaztea lortu genuen, ordubete eta 25 minutuz jokatu ondoren. Oso polita izan zen partida.

Urritik abendura bitartean, astebururo joan behar izaten genuen Iparraldera partidak jokatzera, baina baldintza batekin: irabaztera joan behar gara.

Aurreikuspenak bete dituzue?

Bai, duela bi urte gure buruari jarri genuen helburuetako bat betetzea lortu dugu, hau da, lehenengo mailako txapelketa hau irabaztea. Hendaiako Endaiarrak taldearen eskaintza jaso genuen Iparraldeko txapelketan aritzeko, hirugarren mailatik hasita. Urritik abendura bitartean, astebururo joan behar izaten genuen Iparraldera partidak jokatzera, baina baldintza batekin: irabaztera joan behar gara. Hala, hirugarren mailatik bigarrenera salto egin genuen eta, iaz, bigarrenetik lehenengora. Aurten lehenengo mailan jokatu dugu, baina iaz igoera hori lortu izan ez bagenu, seguruenik aurten ez genukeen txapelketa hori jokatuko.

Iaz, bigarren mailako finalaurrekoa galdu genuen, baina Frantziako txapelketaren bitartez bigarren aukera bat izan genuen lehenengo mailara igotzeko, eta zuzeneko pasea lortu genuen txapelketa hori irabazi ondoren.

Hirugarren mailatik lehenengoa irabazterako bidea ez zen erraza izango...

Ez, inondik inora. Bi urte hauetan partidu bi bakarrik galdu ditugu. Lehenengoa, esan bezala, bigarren mailako finalaurrekoa, ni gaixorik nengoelako; eta aurtengo beste bat, ni Italian beste txapelketa bat jokatzen nengoela ordezko bat jokatu zuenekoa Ekhirekin. Hala ere, esango nuke oso erregularrak izan garela bide honetan eta aurretik ezarritako helburuak bete ditugula.

Bizkaitarrak izanda, erraza izan da Iparraldeko plazan gailentzea?

Ez, gainera, Iparraldeko jendea orokorrean oso mesfidatia da Hegoaldeko pilotariekin. Ez gaituzte serio hartzen edo, baina muturrean ematea lortu dugu; are gehiago, historia egin dugu: Iparraldeko txapelketa hori irabazi duten Hego Euskal Herriko lehenengoak izan gara.

Hegoaldeko talde batekin joka genezakeen txapelketa hori, baina, hala egitekotan, partidu denak etxetik kanpo jokatzera behartuta egongo ginen

Zelakoa izan da Endaiarrak taldearen partaide izatea?

Oso polita izan da. Hegoaldeko talde batekin joka genezakeen txapelketa hori, baina, hala egitekotan, partidu denak etxetik kanpo jokatzera behartuta egongo ginen. Hala, Endaiarrak taldearen bitartez, partidu batzuk Hendaian izango ziren, etxetik gertuago. Gainera, Mikel Larralde talde horretako lehendakariarekin izan dugun harremana oso ona izan da; oso lagun ona dugu, eta ekonomikoki ere lagundu izan digu bidaiak eta bestelakoak ordaintzeko. Jendearekin ere oso harreman izan izan dugu urteotan.

Etorkizunera begira, zer asmo duzue?

Ahal izatekotan, profesionalen mailara igotzea gustatuko litzaiguke. Ekhi Ziarrustarekin ari naiz txapelketetan eta aspalditik oso maila onean ibili gara. Askotan Iparraldeko profesionalen kontra lehiatu gara, eta baita irabazi ere. Hala, argi dugu beharrezkoa den maila dugula haien kontra aritzeko. Dena den, Hegoaldekoak izanda, ez daukagu horrenbesteko babesik ezta aukerarik ere profesionalen mailara salto egiteko. Horretarako erabakia jada ez dago gure esku; egin beharreko dena egin dugu haiek aitzakiarik ez izateko eta guk har gaitzaten.

Guk badakigu euren kontra joka dezakegula, eta hangoek ere badakite. Iparraldeko txapelketarik onena irabazi dugu eta, askotan, hori irabazten dutenek profesionalerako saltoa egiten dute; esaterako, iazko bi txapeldunak profesionalak dira orain. Hortaz, gure esku dagoen dena egin dugu.

Abenduaren 24an Abadiñoko Gabonetako Txapelketan lehiatuko zarete. Zer aurreikuspen dituzue horretarako?

Ba onak egia esan. Txapelketa mistoa da hori ere; profesionalak eta afizionatuak lehiatzen dira horretan, eta azkenengo partiduan Arabiourrutia eta Harismendy osatzen duten bikoteari irabazi genion; azken hori Iparraldekoa da, profesionala.

Domekako finala (© MANU AMADO).

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun