Getxoko akuarioa ixteko erabakia onetsi dute

Erredakzioa 2019ko abe. 24a, 10:06

Greba mugagabea abiatu zuten duela hainbat egun Getxo Aquariumeko hainbat langilek.

Getxo Aquarium zerbitzu publikoaren prestazioa etetea onetsi zuten atzoko osoko bilkuran, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoakaz, PPren abstentzioagaz eta EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen aurkako botoakaz. Hala, zerbitzua 2020ko urtarrilaren 31n etengo da, horixe delako enpresa esleipendunagaz sinatutako kontratuaren amaiera-eguna.

Akuarioko arrainak eta ekipamendua beste instalazio batzuetara eraman beharko dira, ingurumenaren dibulgazioaren arloan mantentzea eta jarraitzea bermatzeko.

PP abstenitu egin zen eta adierazi zuenez, "gaizki hasten dena gaizki amaitzen da, behinola Getxo bezalako udalerri batentzat akuario askoz ere ausartagoa eta egokiagoa izatea eskatu genuelako. Eta orain, hitzarmen bat baliogabetu dela ikusten dugu, ez dakigu zergatik. Eta ez da gastu handia dakarrelako, diru asko aurreztuta dagoelako (soberakina), eta abar".

Euren aldetik EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek boto partikular bat aurkeztu zuten dagokion batzordean, akuarioa Ingurumen Gelan sar zedin, itsas munduan espezializatuz eta ekipamenduko lanpostuak mantenduz, eta honakoa salatu zuten: "Gobernu-taldearen eta alkatearen arduragabekeria eta okultismoa gai honetan, Foru Aldundiaren finantziaziorik ez zuela jakin zutenean eta akuarioko langileei Osoko Bilkuran esku hartu zuenean ez zitzaionean jakinarazi". Osoko bilkuran aurkeztutako boto partikularra ezetsi egin zen. Ekipamenduaren kudeaketa zuzena bere gain hartzearen alde agertu ziren bi taldeak.

Getxo Aquarium-a zerbitzua martxan jartzeko hitzarmena sinatu zuten hasieratik Getxoko Udalak eta Foru Aldundiak, eta azken horrek bere gain hartu zuen zerbitzu horren kostuaren zati handiena. "Hitzarmen hau eta, beraz, bere finantzaketa-konpromisoa azkendutzat jotzeko foru erakundeak hartu duen erabakiak esan nahi du zerbitzuari eustea soilik udalaren ekarpenaren kontura egin beharko litzatekeela eta horrek etengabe handituko luke hartu beharreko gastu oso garrantzitsua, 244.000 euro ingurukoa alegia, eta une honetan premia nabarmenagoak daudela kontuan hartuta, lehentasuna ematen zaio udal-jardueraren beste helburu batzuetarako erabili beharrari; dena den, azken ordura arte saiatu gara akuarioa mantentzen", azaldu zuen Joseba Arregi Hiri Zerbitzuetako, Ingurumeneko eta Ingurumen Kalitateko zinegotziak. Argudio horregaz bat egin zuen PSE-EEk eta bere esanetan: "Erabaki hau tristea da, baina erantzukizun politiko kontu bati erantzuten dio". Era berean, Arregik adierazi zuen "adi" egongo zirela lan-araudia bete dadin, "erabaki horrek zerbitzuko langileen lan-egoeretan izan ditzakeen ondorioetan".

Bitartean, greban dauden akuarioko langileak udaletxeko zabalgunean bildu ziren eta jendearen eskaeren eta galderen txandan parte hartu zuten euren lanpostuak defendatzeko eta akuarioa mantentzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun