Gainerako koralak kontserbatzeko, Donostiako akuarioak Gijongo Aquarium-agaz (Asturias) koordinatuko da espezieen biziraupena maximizatzen saiatzeko. Era berean, instalazio teknikoen zati baten ardura hartuko du, eta jarduera bera denez, Donostian berrerabili ahal izango du, "modu horretan hondakinen sorrera minimizatzea lortzeko", Getxoko Udalak jakinarazi duenaren arabera.
Getxo Aquariumak atzo, domekan, zabaldu zituen ateak azkenengo aldiz. Bertako kudeaketaz arduratzen den Disetecmar SL enpresak jakinarazi zuenez, urtarrilaren 25 eta 26ko aste-akabua baliatu gura izan zuen proiektuari agurra emateko, lizitazioa urtarrilaren 31n amaituko den arren.
Bestelako erabilera bat eman guran
ELA sindikatuak ezinbestekotzat jotzen du Getxo Aquarium-a ixteko benetako arrazoiak zeintzuk diren aztertzea; izan ere, egoera horren harira greban jarraitzen dute oraindino ere langileek. Hala, sindikatuak beharrezkoa ikusten du akuarioaren zerbitzua mantentzea ahalbidetzen duen edozein aukera aztertzea, orain arteko bost lanpostuak mantentzeagaz batera. Ildo horretan, Getxoko EH Bilduk akuarioa eraberritu eta lokalari erabilera berriak bilatzea proposatu du, hala nola ingurumen-aretoaren parte bihurtuta kostaldearen defentsan lan egiteko eta aldaketa klimatikoaren kontrako kanpainak abiatzeko. Era berean, koalizio abertzaleak deitoratu du Gobernu-taldeak (EAJ eta PSE-EE) jarrera "lotsagabea" izan duela gai horren inguruan: "Nahiz eta jakin akuarioa ixteko aukera bazegoela, ez dira gai izan langileekin batu eta oposizioari informatzeko".