Getxoko akuarioa ixteko "benetako arrazoiak" argitzea eskatu dute langile grebalariek

Iker Rincon Moreno 2020ko urt. 23a, 10:09

Gaur goizeko protestaldia Getxoko udaletxearen sarreran.

Gaur, eguenean, akuarioa ez ixteko elkarretaratze zaratatsua egin dute Getxoko udaletxearen atarian. Bitartean, Lan Harremanen Kontseiluan (LHK) azpiegitura hori ixteko erabakian inplikatutako alderdi denakaz premiazko bilera eskatu du ELA sindikatuak.

ELAk ezinbestekotzat jotzen du Getxo Aquarium-a ixteko benetako arrazoiak zeintzuk diren aztertzea; izan ere, egoera horren harira greban jarraitzen dute oraindino ere langileek. Hala, sindikatuak beharrezkoa ikusten du akuarioaren zerbitzua mantentzea ahalbidetzen duen edozein aukera aztertzea, orain arteko bost lanpostuak mantentzeagaz batera.

Grebalariek deitoratu dute abenduaren 11n, prentsa-ohar baten bidez, jakin zutela akuarioa 2020ko urtarrilaren 31n itxiko zela. "Osoko bilkuretan eta batzordeetan hainbat agerraldi egin ondoren, Getxoko Udalak jakinarazi zigun Bizkaiko Foru Aldundiak hartutako erabakiaren ondorioz hartu zutela itxieraren erabakia; hala ere, datu horrek kontraesanean jartzen du Aldundiak berak egun batzuk geroago esandakoarekin", deitoratu dute langileek.

Greban dauden beharginek azpimarratu dute akuarioa zerbitzu publikoa dela, "Getxoko udalerrian erreferente den aisialdirako eta kulturarako zerbitzua". Era berean, deitoratu dute Getxoko Udalak eta Aldundiak hartutako "aldebakarreko" erabakiak 5 lanpostu suntsituko dituela.

Horren denaren aurrean, ELAk premiazko bilera eskatu du LHKn akuarioa ixteko erabakian inplikatutako alderdi denakaz: Elena Unzueta (Iraunkortasun eta Ingurumeneko diputatua), Amaia Agirre (Getxoko Udaleko alkatea) eta Javier Sainz (Disetecmar SLko zuzendaria). Horren helburua da zerbitzua ixteko benetako arrazoiak argitzea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun