EMAKUMEEN MOBILIZAZIOAK. Mundua eraldatzen duen emakumeen boterea
1952an martxoaren 8a Emakumearen Nazioarteko Eguna ezarri zuen Nazio Batuen Batzar Nagusiak (NBE). M8ak emakumeen "grebak" oroitzen ditu, historian zehar euren eskubide laboral, ekonomiko, politiko eta sozialak aldarrikatu dituztenak. Borrokek aldaketak ekarri dituzte legeetan, gizartean eta kulturan, eta gizarteak berdintasun- eta demokrazia-maila handiagotarantz aurreratu dituzte.
Hala ere, emakumeen borroken garaia ez da amaitu. Mundu osoan eta gure tokiko komunitateetan oraindik ere emakumeenganako bereizkeriak eta ezberdintasunak daude, emakume izate hutsagatik. Bereizkeria hori beste batzuekin gurutzatzen da: klase, etnia, adina, kultura, sinesmenak, migrazio-estatusa, sexu-orientazioa, genero-identitatea edo gaitasunak, besteak beste. Horregatik beharrezkoa da, behingoz, emakume guztien indarkeriarik gabe bizitzeko eskubidea lehentasun politikoa izatea.
Beijing Ekintza Plataformak 25 urte bete dituenean, belaunaldi berriak bat egiten du giza eskubideak defendatu eta genero-berdintasuna lortuko duten ekonomia, gizarte eta sistema politikoak irudikatzeko borrokan, inor bazterrean utzi gabe. Munduko mugimendu honen ustez generoen arteko berdintasuna ez da soilik oinarrizko giza eskubidea, baizik eta mundu baketsu, oparo eta iraunkorra lortzeko beharrezko oinarria. Garapen Jasangarrirako Helburuetan jasotzen den bezala. Berdintasuna gizarte osoaren mezu bakar gisa aldarrikatzeko garaia da.
Zaintza-lanak ikusezin bihurtzea, pobreziaren feminizazioa, indarkeria matxistak edo sexu-identitateetan eta/edo genero-adierazpenetan askatasunik ez izatea dira gizarte-mendetasunaren sintometako batzuk, bizitzako eremu guztietan jasaten direnak, eta saihestezina egiten dute haiei ere dagozkien espazio guztiak eskuratzea edo okupatzea: kaleak, erakundeak, lantokiak edo ikastegiak, kultura-espazioak, eta abar.
Emakumeen borrokek eta kaleetako mobilizazioek instituzioei konpromiso irmoko ariketa egitea eskatzen digute:
- Genero-harremanak eraldatzea gure udalerrien eta gure administrazioen bizitzan;
- Emakumeen aurkako indarkeria mota guztiak errotik kentzea eta egiturazko indarkeria horren biktimak erreparatzea;
- Baldintzak eta aukerak eraikitzea izaera guztietako emakumeek tokiko bizitzako ekonomian, gizartean, politikan eta kulturan parte hartzeko;
- Diskriminazio mota guztien aurka borrokatzea;
- Bizitza erdira ekarriko duten gizarte-antolakuntza erantzunkideak diseinatzea.
Gorabehera labur, ertain eta luzeko neurriak behar dira, tokiko eremutik, bere eskumenaren barruan, egungo arazo zehatzei erantzunak eta konponbideak emateko, auzotarrengandik hurbilen dagoen eremua baita.
Bizilagunen zaintzarekin konprometitzen jarraituko duen udalerri baterantz aurrera egiteko irtenbideak, non guztiok hartuko baititugu geure gain zainketen gaineko erantzukizunak, azken batean, bizitzaren iraunkortasunean oinarritutako antolamendu sozial bidezkoago eta berdinzaleago baterantz.
Tokiko euskal gobernuok konpromiso horiek gure herri eta hirietan egia bihurtzeko politikak diseinatu eta kudeatu behar ditugu, eta horrexegatik, Getxoko Udalak konpromiso irmoa adierazi du berdintasunezko gizarte inklusiboa eraikitzen laguntzeko, pertsona guztien eskubideak eta parte-hartzea bermatuko dituena tokiko bizitzan, honako neurri hauek abian jarririk.
- Udalerriko emakumeen baldintzak eta egoerak sistematikoki aztertzen jarraitzea baliabide, ondasun eta zerbitzu guztiak eskuratzeari dagokionez, bai eta tokiko bizitzan parte hartzeari dagokionez ere, desberdintasunak identifikatu eta zuzentzeko.
- Emakumeen eta gizonen berdintasunerako Tokiko Ekintza Plana garatzen jarraitzea, haren eragina ebaluatzea eta emaitzen berri ematea.
- Tokiko arauak arian-arian artikulatzea berdintasun-politikak garatzeko, eta udal-jarduera osoan genero-ikuspegia txertatzen dela bermatzea.
- Indarkeria matxistaren arretarako eta prebentziorako Tokiko Koordinazio Protokoloa garatzea edota eguneratzea.
- Tokiko jardueretan indarkeria matxistaren biktimei erreparazioa emateko printzipioaren aplikazioan aurrera egitea.
- Udaleko arau, programa eta zerbitzuen genero-eraginaren ebaluazioa arian-arian garatzea.
- Udalerriko emakumeak ahalduntzeko programak eta ekimenak garatzeko espazioak eta baliabideak eskaintzea.
- Berdintasun Kontseiluarekin jarraitzea, tokiko emakume-erakundeekin eta erakunde feministekin etengabe hitz egiteko gune gisa, berdintasunerako eta indarkeria matxistaren aurkako tokiko politikak diseinatzeko eta ebaluatzeko.
- Zaintzak ezinbesteko ondasun komuntzat jotzea bizilagunen bizitzari eta ongizateari eusteko, bai eta sistema sozio-ekonomiko osoaren oinarria den ugalketa-ekonomiaren funtsezko ardaztzat ere.
- Emakumeen Etxeen sorrera bultzatzea
Azkenean, Udal honek dei egiten die herritarrei Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta Mugimendu Feministak martxoaren 8rako antolatu dituen mobilizazioetan era aktiboan parte har dezaten.