Euskal Autonomia Erkidegoan osasun-larrialdia dagoela adierazi du gaur Iñigo Urkullu lehendakariak. Horren aurrean, Amaia Agirre Getxoko alkateak Krisi Mahaia deitu du eta 0 mailako Larrialdi Plana aktibatu du. Era berean, herritar guztien konpromiso, ardura eta inplikaziorako deia egin du, koronabirusak eragindako egoera gainditzeko: “Erakundeetatik hartzen ari diren salbuespenezko neurriek herritarren ahalik eta lankidetza eta kontzientziazio handiena behar dute, erronka kolektibo gisa. Pertsonalki inplikatu behar dugu, eta ematen ari diren jarraibide guztiak jarraitu". Agirrek "hiriko oinarrizko zerbitzuetako langileen lana" eskertu du eta "bereziki osasun zentroetakoa”.
Horrez gain, Udal Gobernua oposizioko alderdiakaz bildu da gaur arrastian, herritarrei begira egindako jardueren edo hartutako neurrien berri emateko, baita Udalean eta udal erakunde autonomoetan ere, garbiketa-zerbitzua areagotzeari, langileen lan-egoerari, autobabes-neurrietarako beharrezko aurrekontua gaitzeari (gelak, maskarak …) dagokionez.
Bertan behera utzitako beste zerbitzu batzuk
Bestalde, atzo iragarritako neurriei eta Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak, Osakidetzak eta Hezkuntza sailak ezarritako neurriei jarraituz, Getxoko Udalak honako neurri hauek hartu ditu gaur ostiralean, martxoak 13:
Getxo Elkartegia
Getxo Elkartegian egin beharreko talde-jarduera guztiak aldi baterako etetea. Arreta indibidualak, oraingoz, gomendatutako distantzia-neurriak hartuta mantentzen dira. Halere, banakako arreta baliabide telematikoen bidez egin daiteke (Skype/telefonoa/e-maila …), egokitzat jotzen denean. Coworking gunea ere itxita egongo da.
Ingurumen Aretoa
Larrañazubiko Ingurumen Aretoak bertan behera utzi ditu programatutako jarduera guztiak (bai asteburukoak, bai aste artekoak), ekipamendua zabalik egongo den arren.