Koronabirusa Uribe Kostan

Osasun Larrialdi egoera ezarri du Eusko Jaurlaritzak

Iker Rincon Moreno 2020ko mar. 13a, 11:22

Gaur goizean egindako agerraldian, Iñigo Urkullu lehendakariak azaldu du Gobernu Kontseiluak Osasun Larrialdia jarri duela indarrean. "Egoera larria da, eta gizarteak aparteko ahalegina egin behar du krisiari aurre egiteko", adierazi du. Hala, besteak beste, exekutiboak pertsonak euren etxeetan edo leku seguruetan konfinatzeko aukera izango du, baita arrisku guneetatik herritarrak ateratzeko edo urruntzeko ere.

Zehazki, hurrengoa dio Larrialdiak Kudeatzeko Legearen zortzigarren artikuluak, Iñigo Urkullu lehendakariak agerraldian bertan aipatu duenez:

  1. Babes zibilaren arloko agintaritza eskudunak herritarren eskubideei eragiten dieten jarraibide eta oharrak eman ahal izango ditu legeetan ezarritakoaren arabera, bai eta hartzaileek derrigor bete beharko dituzten neurriak hartu ere, aplikatu beharreko planean ezarritakoaren edo hondamendiak gertatzen direnean aktibatutako babes zibileko plan baten arabera, edo larrialdiak edo babestu beharreko ondasunek sortzen dituzten beharrek hala eskatzen dutenean.
  2. Besteak beste, honako neurri hauek hartu ahal izango ditu:
    1. Pertsonak beren etxeetan edo leku seguruetan konfinatzea.
    2. Pertsonak arrisku-lekuetatik ebakuatu edo urruntzea.
    3. Arriskuko edo ekintzako eremuetarako sarbidea mugatzea.
    4. Zerbitzu publiko eta pribatuen erabilera edo ondasunen kontsumoa mugatu edo baldintzatzea.
    5. Leku jakin batzuetan jarduerak mugatu edo debekatzea eta arreta, prebentzio edo jokabide jakin batzuk hartzeko betebeharra ezartzea.
  3. Manu honetan aipatzen diren neurriak zorrozki mugatuak egongo dira larrialdiari aurre egiteko beharrezkoa den denbora-tartera; halaber, neurriok arriskuaren araberakoak izango dira, eta ez dute inolako kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik emango.

Neurri horiekaz, hala, edozein lekurako sarrera mugatzeko eskumena izango du Eusko Jaurlaritzak: ospitale bat, herri bat edo EAE osoa. Lehendakariak sinatu du dekretu hori eta "zuzendaritza bakarra" bere gain hartu du larrialdi egoerari aurre egiteko. Horretarako, aholkulari-batzorde bat izango du laguntzen.

Covid-19 kasu berriak Bizkaian: 12

EAEn, Covid-19ko beste 71 kasu erregistratu dira. Beraz, guztira 417 kutsatu daude, eta horietatik 179 ospitalizatuta daude. Hildako pertsonak 14 dira, atzo baino hiru gehiago (hirurak Araban). Lurraldeka, honako hau da banaketa:

  • Gipuzkoan, positiboen kopurua 24koa da. (Horietatik 8 ospitaleratuta daude).
  • Bizkaian, 83 pertsonek eman dute positibo. (Horietako 40 ospitaleratuta daude.)
  • Araban, 310 kasu zenbatu dira (horietatik 131 ospitaleratuta daude).

 Eguneraketa martxoak 13

Kasu positibo berriak

Pertsona ospitalizatuak

Hildako pertsonak

Kasu positiboak GUZTIRA

ARABA

51

131

9

310

BIZKAIA

12

40

2

83

GIPUZKOA

8

8

3

24

GUZTIRA EAE

71

179

14

417

Koronabirusari buruzko albisteak herriz herri Euskal Herrian:

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun