Elkarrizketak

"Bizitza erdigunean jarri eta elkartasuna oinarri nagusi bezala jardutea dagokigu"

Iker Rincon Moreno 2020ko mar. 16a, 18:10

Herri mugimendutik abiatuta, adinduei zein arrisku-taldeetako bizilagunei erosketak etxera eramateko eta beharrezkoa zaien bestelako hainbat gauzetarako herritarren sarea antolatu dute Algortan. Joan den barikuan eman zuten egitasmoaren berri, eta daborduko 200 boluntario inguruk eman dute izena laguntzeko. Denera, 10 sare antolatu dituzte, Algorta, Aiboa eta Andra Mari auzoetan jarduteko. Horren nondik norakoak ezagutzeko eta horien funtzionamendua argitzeko koordinatzaileakaz egin dugu berba.

Zeintzuk neurri hartuko dira sareetan Covid-19aren kutsatzea saihesteko?

Sareko boluntarioek ez dute, inongo kasutan, kontaktu fisikorik edukiko erabiltzaileekin. Izan erosketak egin edo antzeko zerbitzuak, izan zakarra atera edo antzeko zerbitzuak, beti egingo da etxeko atea itxita dagoela. Horrela kutsatzea ekiditen dugu. Gainera, modu horretan, erabiltzaileen segurtasuna ere bermatuko diogula ez diotelako inolako ezezaguni atea ireki behar norberaren etxean sartzeko. Hala, erabiltzaileentzako oharra: atea irekitzeko eta etxean sartzeko baimena eskatzen badizu boluntarioetako batek, ez da gure sareko kidea.

Bestalde, dagoeneko ehunaka (une honetan ia 200) boluntariok eman dute izena eta osasun arloko profesionalekin batera osatutako irizpideak sortu ditugu, Osakidetza eta MOEren (Munduko Osasun Erakundea) jarraibideak gure egiteaz gainera. Osasun arloko profesional hauek sareko kide dira, eta etengabeko harreman daukagu zalantzak argitzeari begira zein informazio eguneratua izateari begira.

Zeintzuk eginkizun izango dituzte sareok?

Eginkizun nagusia da osasun krisi hau dela eta etxetik irten ezinean dabilen eta familia edo lagunen laguntzarik ez duen horri behar duena helaraztea. Noski, ez gara bisitarien zerbitzu bat, egoerak ez duelako baimentzen. Ibilean-ibilean ikusiko da zer zerbitzu zehatz emango ditugu, baina honakoak aurreikusten ditugu: erosketak egitea, farmaziako errekaduak egitea (farmaziako langileekin kontrastatu dugu hau nola egin) eta zakarra ateratzea.

Noiz hasiko da martxan?

Eguen eta bariku artean hasi ginen sarea diseinatzen herri mugimenduetan topo egin dugun bi kide (Ernai gazte antolakundean ezagutu genuen elkar), eta asteburuan zehar mugimendu sozialetan sortutako sareak baliatu ditugu osasun arloko profesionalekin, zaintza esparruko langileekin eta bestelakoekin harremanetan jartzeko. Herri mugimenduetan pilatutako esperientzia, ezagutza eta harremanak baliatu ditugu beraz sare hau martxan jartzeko. Gaur, astelehena, finkatu genuen sarea martxan jartzeko egun bezala, eta halaxe bete dugu izena eman duten ehunaka kideei esker.

Nortzuk parte har dezakete horretan?

Printzipioz edonork. Noski, mugikortasuna gutxitzea helburu izanik, Algorta, Aiboa eta Andra Mariko jendea biltzen dugu guk. Baina Itzubaltzeta/Romon ere badago beste sare bat, eta baita inguruko hainbat herritan ere. Horrez gainera, kolektibo zaurgarrienetako kideek sarean ez parte hartzeko deia egin dugu, eta esan beharrik ez dago edozein sintoma duen pertsonarik ez dugula onartuko sarean, hau minimoa da baita ere.

Etxealdian edo konfinamenduan dauden pertsona denei zuzenduta dago? 

Neurriak zorrozten joango direlakoan gaude, baina denok egon beharko genuke jada, ahal den heinean, isolamenduan. Bat egiten dugu erantzukizunez jokatzea etxean geratzea dela dioen mezuarekin. Hala ere, badago kolektibo zaurgarrikoa ez den, eta beraz premiazko erosketak egitera atera daitekeen pertsona ugari. Horiek buruaskiak dira, eta beraz ez dute laguntza beharrik, edo ez bereziki. Gure helburua da bestelako sostengurik ez duten eta etxetik atera ezin diren kideengana heltzea. Orokorrean jende nagusiaz ari gara, baina badaude bestelako kasuistikak ere.

Eskatzen duguna da arduraz jokatzea; ez gara doako erosketa zerbitzu bat, momentu honetan laguntza gehien behar dutenen zaintza era ahalik eta egokienean bermatzeko boluntarioen sare herritarra gara. Eta esan bezala, guk ere, zenbat eta denbora gutxiago pasa kalean hobe. Beraz, sarearen laguntzaz ez abusatzeko deia egiten dugu, baina aldi berean iniziatiba ahalik eta gehien zabaltzea eskatzen dugu, batez ere jende nagusiaren artean.

Osasun larrialdi honek askotariko egoerak agerian utzi ditu...

Bai, eta sare honek berria ez den krisi bati erantzun nahi dio: zaintzen krisia. Egoerak jada aurretik genuen hori handitu besterik ez du egin. Osasungintzan murrizketak etengabeak izan dira, etxeko langileen baldintzak ezin prekarioagoak dira, etxegabeentzako laguntza eta zerbitzuak ez nahikoak dira guztiz, egoitzetako langileak ez dira errespetatzen. Finean, zaintzen sektorean lan egiten duen kidegoak gizarteari ematen diona ez da balioan jartzen, eta askotan gainera, doako eginbehar natural bezala irudikatzen da. Eta beti emakumeon gain. Orain da momentua zeinetan denak hasi garen kontziente izaten zaintzarik gabe ez dagoela bizitzarik, eta bizitzarik gabe ez dagoela ezer. Gogoeta kolektiborako deia egiten diegu herritarrei, ahal dutena egin eta behar dutena eskatzeko, besterik ez. 

Gogoeta hau, herritar xumeei ez ezik, enpresaburuei eta instituzioei ere eskatzen diegu egiteko. Ez da ulertzen astelehenarekin batera metroak lepo betetzea langileak euren lanpostuetara joan behar izateagatik, jantoki sozialak ixtea eta horietara doan kidegoari alternatibarik ez ematea, etxean sartuta geratzeko dei orokorra egitea etxerik ez daukatenei laguntzarik eskaini gabe. Enpatia, elkartasuna, bestearekiko errespetua. Denok kontuan hartuko dituzten neurriak martxan jartzeko unea da, eta ez ahulenak bidean uzten dituen sistemaren akatsak berriro errepikatzekoa. Egoera honetatik indarturik atera nahi badugu, bizitza erdigunean jarri eta elkartasuna printzipio nagusi bezala jardutea dagokigu. Erantzukizuna denona da.

Erlazionatuak

Auzokideen zaintza bermatzeko herritarren sareak martxan

Iker Rincon Moreno · Unai Brea 2020 mar 16 Uribe Kosta

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun