Elkarrizketak

"Apur bat arduratuta nago antzerkiaren sektorearen etorkizunarekin"

Iker Rincon Moreno 2020ko api. 15a, 09:11

Konfinamendua oinarri duen komedia bat jarri dute martxan ETBk eta Pausoka produktoreak. Etxekoak izena duen telesail horretan 40 urte inguruko bikote bat (Olatz Ganboa eta Mikel Losada) etxean sartuta dago seme-alaba txiki bigaz. Saioan, bikote horrek familia eta lagunakaz dituen elkarrizketen gorabeherak ikusteko aukera egongo da, egunotan hain erabiliak diren bideodeien bitartez. Joan den apirilaren 8an estreinatu zuten umorezko telesaila ETB1 katean; hurrengo saioa gaur, eguaztenean, izango da, 22:30ean. Saio horren grabaketaren nondik norakoak azaldu dizkigu Olatz Ganboa aktore algortarrak. Aitortu digunez, antzezteaz gainera, makillaje, argiztapen eta grabaketa lanak egin behar izan dituzte euren etxeetatik, besteak beste.

Zelan daramazu konfinamendu egoera hau?

Ondo; nahiko lasai, egia esan. Normalean gure lanarekin beti topera gabiltza, beraz, deskantsatzeko eta egin gabe neuzkan gauza asko egiteko aprobetxatu dut. Dena dela, apur bat arduratuta nago antzerkiaren sektorearen etorkizunarekin.

Konfinamenduaren inguruko komedia bat jarri duzue martxan. Zelan definituko zenuke telesail hori?

Komedia bat da, familia baten gorabeherak islatzen dituena. Konfinamenduaren ondorioz protagonistek euren etxean ematen diren egoera ezberdinak kontatzen dituzte.

"Jendea gure pertsonaiekin identifikatuta sentitu delakoan gaude"

Joan den apirilaren 8an estreinatu zenuten; zelako harrera izan du horrek?

Harrera ona izan duela uste dugu. Une honetan denok gabiltza gauza berdinak bizitzen; hala, jendea gure pertsonaiekin identifikatuta sentitu delakoan gaude.

Mikel Losada eta zuk osatzen duzue bikote protagonista. Zaila izan zaizue egoera hori interpretatzea?

Ez, oso gustura ibili gara elkarrekin lan egiten. Oso ondo ezagutzen gara.

Telesailaren irudietako bat. EITB

Konfinamendu egoeran bete-betean zaudetela grabatu duzue dena. Zelakoa izan da lan hori?

Egia esan beharra badaukat, zaila. Dena egiten dugu guk: makillajea, argiztapena, grabaketa... Hala ere, lantalde bikaina dugu eta oso gustura gabiltza.

Aktore lanak egiteaz gainera den-dena grabatu behar izatea ez zen erraza izango...

Bai, arraroa egin zaigu. Gure lana interpretatzea da eta, ondorioz, batzuetan apur bat galduta ibili gara grabaketak egiterakoan. Gainera, teknologiarekin nahiko baldarra naizela aitortu beharra daukat...

"Dena egiten dugu guk: makillajea, argiztapena, grabaketa... Hala ere, lantalde bikaina dugu eta oso gustura gabiltza"

Zenbat saio grabatu edo grabatuko dituzue?

Oraingoz bi grabatu ditugu, baina lau saio izango dira guztira.

Azkenaldian antzerki-munduan ibili zara… Arraroa egin zaizu telebistara salto egitea?

Arraroa baino ezberdina dela esango nuke. Ikasteko aukera bat dela iruditzen zait. Gainera, Mikelek urte asko eman ditu telebistarako kontuak egiten eta asko laguntzen dit horretan. Asko ikasten dut berarekin.

Datorren krisi ekonomikoaren harira, kultura munduak kolpe handia jasango du eta Eusko Jaurlaritzak iragarritako neurriek haserrea eragin dute askoren artean. Zer deritzozu horri?

Urduri gaude ez dakigulako zer gertatuko den gurekin. Ez gara babestuak sentitzen.

Erlazionatuak

Sorginok kultura berregin beharko dugu

Ainhoa Ortells Igartua 2020 api 09 Uribe Kosta

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun