Koronabirusa atzerrian

"Maite ditugunak gertu ez izan arren, teknologiari esker hurbil senti ditzakegu"

Iker Rincon Moreno 2020ko api. 22a, 10:54

Olatz Garaizar duela urtebete baino gehiago joan zen Japoniara, lan egin eta bidaiatzera.

Lan egin eta bidaiatzeko aukera ematen duen Working Holiday Bisa baliatuta joan zen Olatz Garaizar Gomez Tokiora (Japonia) duela urtebete baino gehiago, bere mutil-lagunagaz. Daborduko bisa amaitu zaie biei; hala ere, hainbat hilabete gehiagoz Ekialde Urruneko herrialdean geratzea erabaki zuten, turista gisa. Orain, baina, koronabirusa dela eta, Japoniatik mugi ezinik dabiltza, dena lasaitu bitartean. Gazte algortarrak azaldu digunez, konfinamendurik ez dago dekretatuta bertan, baina bai larrialdi-egoera.

Orain gutxi Turismo Bisa atera zuen gazte algortarrak hiru hilabetez askatasun osoz Japonia ezagutu ahal izateko, lagunakaz egoteko eta turismoa egiteko. Datorren maiatzaren 25ean ziren bere bikotea eta bera bueltatzekoak, baina, koronabirusa dela eta, hegaldia bertan behera utzi behar izan dute. Ondorioz, ateratako bisa beste 90 egunez luzatu egin diete, “egoera hobetu arte”.

Gurean ez bezala, Japonian ez dute konfinamendurik bizi egunotan. Garaizarrek azaldu digunez, joan den apirilaren 6an Yuriko Koike Tokioko gobernadoreak larrialdi-egoera ezarri zuen; hamar egun beranduago, Shinzō Abe Japoniako presidenteak krisialdia herrialde osora zabaldu zuen. Hala ere, algortarrak azpimarratu duenaren arabera, ezohiko egoerak orain hilabete batzuk hasi ziren bertan: “Txinan lehenengo kasua ezagutu zenetik, Japoniako Gobernuak azkar hasi zen neurriak hartzen”.

“Txinan lehenengo kasua ezagutu zenetik, Japoniako Gobernuak azkar hasi zen neurriak hartzen”

Urtarrilean hasi ziren ekitaldi jendetsuak bertan behera uzten, ikastola gehienak itxi zituzten eta enpresa handiek etxetik lan egiteko deia egin zuten. Horrez gainera, nazioarteko joan-etorriak mugatu zituzten, Txina eta Hego Koreako hainbat aireportuetako hegazkinen lurreratzea debekatuz.

Aurtengo Joko Olinpikoak bertan behera uztea erabaki zutenean inflexio puntu batean sartu zirela dio algortarrak, “egoera larritu egin da”. Ordutik, Covid-19 kasuak areagotuz joan dira pixkanaka-pixkanaka; ondorioa: “hiritarroi etxean gera gaitezen eskatu zigun mesedez Tokioko gobernadoreak; baita gaueko bizitza alde batera uztea ere, hau da: ez karaokerik, ez klubik ezta taberna gehiagorik ere”.

Astez aste neurriak gogortu egiten ari dira Japonian eta, orain, ia denda guztiak itxita daudela eta jatetxeek ordutegi murritzagoak dituztela jakinarazi du Garaizarrek. “Ezin da alkoholik erosi arratsaldeko zortzietatik aurrera eta distantzia soziala mantentzera behartu dugu gure burua eguneroko bizitzan”. Hala ere, kalera ateratzeko aukera mugarik gabe mantentzen jarraitzen dute.

“Ezin da alkoholik erosi arratsaldeko zortzietatik aurrera eta distantzia soziala mantentzera behartu dugu gure burua eguneroko bizitzan”

Lanari dagokionez, kaleratze asko egon dira azken egunotan Japonian: “Gehienak atzerritarrak edo lanean hasi berriak zirenak. Oraindik lanean ari direnak ordutegi motzak egiten dituzte, eta egun gutxi astean”. Ekonomia hobetzeko neurriak ere hartzen dabil bertako Gobernua, “presidenteak diru-prima batzuk prestatzen ari direla azaldu zuen aurrekoan telebistan: familia bakoitzeko 1.000 euro emanez koronabirusak larritu dituen ekonomiak hobetzen saiatzeko”.

Garaizarrek dioenez, bizi duten egoera “arraro xamarra” da. Ez dakite noiz bueltatu ahal izango diren etxera eta, deitoratu duenez, bertan dauden bitartean ezin dituzte lagunak ia ikusi. Hala, paseoak eta parkean japoniera ikasten ematen dituzte egunak. “Ezin gara kexatu. Hemengo egoera Euskal Herrian bizi duzuena baino hobeagoa delako; gutxienez aire freskoa sentitzeko aukera dugu”. Hala ere, “askatasuna” da gehien faltan botatzen duena, baita segurtasuna eta “erantzun firmeak gobernuaren partetik”.

Japoniako Gobernuaren jokabidea deitoratu du algortarrak. Dioenez, “egunero datu egonkorrak eta babes-albisteak ematen zizkigun Joko Olinpikoak atzeratu zituzten arte; une horretatik aurrera zifrak gora doaz egunero (espainiar Estatuarekin alderatuta oso motel badira ere)”. Berbarako, Tokion 100-200 positibo atzematen dituzte egunero, “hildakoak ia-ia igotzen ez diren arren”.

Etxetik urrun dagoen arren, maite dituen pertsonak gertu sentitzen ditu Garaizarrek egunotan, teknologiari esker batez ere. "Animo asko bidali nahiko nieke familia guztiei, denon artean lortuko dugulako egoera hau gainditzea. Maite ditugunak gertu ez izan arren, teknologiari esker, hurbil senti egiten ditugu".

Japonian konfirmatutako Covid-19 kasuak 11.581 dira eta hildako kopurua 283ra heldu da.

Datuak: 2020ko apirilaren 22an.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun