Koronabirusa Uribe Kostan

Konfinamenduan dauden bertoko artisten lana eta bizipenak erakutsiko ditu Getxoartek

Erredakzioa 2020ko mai. 8a, 18:38

“Artista bat auzoan” izeneko proiektuan, publikoagaz partekatuko dute beren sormen-prozesuak eta esperientziak eta tailer-topaketekin osatuko da ekimena behin alarma egoera amaituta

Getxoko Kultur Etxeak, Getxoarteren Bitartekaritza eta Egoitza Programa eta “Bi hormetara” proiektuaren bitartez, abian jarri du bertoko sormen artistikoa eta publikoaren eta artisten arteko topaketa bultzatu gura duen “Artista bat auzoan” izeneko ekimena. Gaur hasita eta maiatza osoan zehar, programa horretarako hautatutako zortzi artistek bere lana eta esperientziak gerturatuko dizkiete arte-zaleei bideoez baliatuta. Guztira, konfinamenduan zehar grabatutako 8 bideo argitaratuko dira Getxoko Kultur Etxeko sare sozialetan (Getxo Kultura).

10-15 minutuko pieza horietan, Helena Goñi, Eztizen La Cruz, Pablo Zabala, Izaro Ieregi, Maitane Sarralde, Pablo Astrain, Regina Zabala eta Natalia García Muro artistek, guztiek Getxon etxebizitza dutenek, amaitu gabe edo bukatuta dauden lanak erakutsiko dituzte eta baita diziplina anitzeko sortze-prozesuak, adibidez pintura, argazkigintza, ilustrazioa, dantza, eskultura eta performancea. Gainera, esperientzia pertsonalen eta bizipenen berri ere emango dute eta baita ekitaldiak proposatu edota liburuak, musika eta beste artisten lanen proposamenak egin. Horren guztiaren bitartez sortzaileen eta publikoaren arteko elkarrizketa bultzatu gura da berrogeialdian zehar.

Artisten eta publikoaren arteko harremanari jarraipena emateko, bideo guztiak eskaintzen direnean, tailer-topaketatan izena emateko aukera emango zaie zaleei. Horietan, proiektuan parte hartu duten artistek bere lana erakutsi, etorkizuneko proiektuak azaldu edota egungo arte-sormenari buruz hitz egin ahal izango dute. Artista bakoitzak erabakiko nola eta noiz izango diren topaketa horiek, behin alarma egoera amaituta, betiere etorkizuneko balizko osasun-araudietara egokituko diren gunetan.

Bai bideoak bai topaketetan gertatzen den guztia ere abenduan Romo Kultur Etxean erakutsiko da, Getxoarte 2020ko Bitartekaritza eta Egoitza Programarekin batera. Programa horretan parte hartuko duten artista guztiek Bi Hormetara eta Zirri Marra Arte Tailerra espazioen sortzaile diren Miren Begoñe Bilbao eta Ibon Garagarza komisarioek hautatu dituzte.

Lehenengo bideoa

Proiektuaren lehenengo bideoa gaur bertan izango da ikusgai eta horren protagonista Helena Goñi (Bilbo, 1990) izango da. Haren lana, batik bat, argazkigintzaren arlokoa da, nahiz eta musikak eragin handia izan, halako moldez non obraren beraren parte izatera ere iristen baita, beste osagai batzuekin batera (bideoa, serigrafia…). Ingurunean duenetik abiatuta lan egiten du, bere esperientziari arreta berezia eskainiz itxaropenen, porrotaren, utopiaren edo hurkoarekiko topaketaren bidez.

Arte Ederretan graduatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Londresera joan zen bere ikasketakaz jarraitze aldera, Central Saint Martinsen Argazki Masterra egitera. 2015ean bakarkako lehen erakusketa egin zuen Cosmos galerian (Bilbo) eta bertan aurkeztu zuen Tourniquet proiektua. Bizkaiko Foru Aldundiaren Ikusizko Arteen Beka jaso du. 2017an Dime que estamos cerca de un motín deritzon bakarkako bigarren erakusketa izan zuen Bilboko Rekalde Aretoan, Barriek programaren barruan. Pasa den astean, Foru Aldundiak bultzatutako Ertibil Bizkaia lehiaketako lehenengo sariaren irabazle izendatu zuten. Lehiaketa horren 2016. eta 2018. urteetako ekitaldietan ere saritua izan zen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun