Gaurko prentsaurrekoan azaldu dutenez, atzoko bileraren helburua zen gaztetxeko eta Udalaren arteko "elkarrizketa prozesua" aurrera eramatea eta gune autogestionatuaren desinfekzio-prozesua zehaztea, "ahalik eta lasterren gaztetxearen martxa berreskuratzeko". Hala ere, gazteek deitoratu dute uneoro udal-arduradunen jarrera "ezkorra" izan zela, gaztetxeko kideen izaera "ilegala" argudiatuta. "Aitzakia hori lanabes, gaztetxeko ordezkariari zilegitasuna kendu nahi izan diote, elkarrizketarako ei zuten prestutasunaren erakusgarri", salatu dute gazteek prentsaurrekoan.
Azpimarratu dutenez, atzoko bileran gaztetxea desinfektatzeko protokoloa zein izan zitekeen galdetu zieten udal-arduradunei, "baina hori adosteari uko egin diote eta gaztetxea berehala itxiarazteko asmoa helarazi zion gaztetxeko ordezkariari".
Esan eta egin; gune autogestionatua itxita mantentzeko hartu beharreko neurriak hartuko zituela esan eta segituan agertu zen Udaltzaingoa bertan, eraikina zigilatzeko asmoz. "Espainiar eta euskal gobernuetatik ezarri zaizkigun eskubide murrizketak onartu, eta instituzioen apeten neurriko desinfekzio bat burutzeko prestutasuna erakutsi arren, getxoko udal gobernuak ez du osasun neurriez ezer jakin nahi izan, buruan Lope de Vega 12ren jabetza baino ez dute izan. Eurena eurena dela eta kito!", salatu dute.
Hiru identifikatu
Gaueko hamarrak pasatxo lortu zuen Ertzaintzak gaztetxera sartzea eta udal-langileek hura zigilatzea. Horren harira, gazteek polizia-autonomikoak erabilitako "bortizkeria" deitoratu dute: "Guk dakigula hiru pertsona identifikatu dituzte ertzainak grabatzea leporatuta. Eta oldarraldiak izan ziren ertzaintzaren partetik. Gure babes osoa eskaini nahi diegu gaztetxetik, eskerrik asko!".
Gaztetxearen huste "ilegala" salatzeko, manifestazioa iragarri dute gaur iluntzeko 21:00etarako, Santa Eugenia plazatik abiatuta.