"Bizi dugun egoera hau herritar guztientzat zaila bada, are zailagoa da pertsona ahulenentzat eta adinekoentzat. Populazioaren sektore horiek beti ditugu gogoan eta orain gehiago. Hain zuzen ere, lan-arazo bereziak dituzten pertsonak, beharrizan- eta bakardade-arazoak dituztenak, senideekin harreman zuzenik ez dutenak, kutsadurarekiko sentikorragoak diren sektoreak, gainerako herritarrak baino egoera delikatu eta konplexuagoan daudenak. Pertsona horiek guztiek zuzeneko laguntza jasotzen dute, eta Gizarte Zerbitzuetatik egiten ari garen ekintza sozial eta ekonomikoen hartzaile dira. Horien artean daude gure adinekoen beharrei entzutea, oinarrizko zailtasun ekonomikoak dituztenentzako laguntzak ematea, aterpetxe bat prestatzea. Horiekin guztiekin batera, udaletik beste ekintza batzuk ere egiten ari gara, deitzen dugun normaltasun berrira itzultzea bultzatzeko”, adierazi du Amaia Agirre alkateak.
Udalak 6.473 etxebizitzako lagin bategaz lan egin du, apirilaren 15etik maiatzaren 5era, batzuetan hiru aldiz harremanetan jartzen saiatzen, hainbatek ez dutelako erantzun edo telefonoa okerra zelako. Guztira, bakarrik bizi diren 65 urtetik gorako 2.396 pertsonak erantzun dute, eta baita 65 urtetik gorako beste pertsona batzuekaz bizi diren 5.451 adinekok (2.898 etxebizitzatan) ere. Hau da, Udala 5.225 etxebizitzagaz eta 7.847 bizilagunakaz jarri dira harremanetan. Horietatik % 49,3 Algorta-Neguri barrutian bizi dira, % 34,1 Romo-Areetan eta % 16,5 Andra Marin. “Gizarte Zerbitzuen Unitatean baloratu egin genuen dei horiek egitea gure auzokide nagusienen egoera bertatik bertara ezagutzeko, inor zailtasun-egoeran ez geratzeko. Adineko pertsonek asko eskertu dizkiote udalari erakutsitako interesa, eta deien bidez jasotako hurbiltasuna eta maitasuna. Eskura dauden zerbitzu guztien berri eman diegu, hala nola, Guztion Artean sareko boluntarioek ematen duten laguntza edo Psikobizik ematen duen laguntza psikologikoa. Egiaztatu dugu kontsultatutako pertsona gehienek eguneroko premiak beren familia, lagunak, bizilagunak edo kontratatutako pertsonen bidez konpontzen dituztela", azaldu du Carmen Diaz Gizarte Kohesioko zinegotziak.
Ildo horretan, soilik adinekoakaz bizi diren adinekoen % 0,14 eta bakarrik bizi diren adinekoen % 0,41 jo dira babesik gabeko bakardade-kasutzat. Deien ondoren, 21 kontsulta bideratu dira PsicoBizi zerbitzura (Bizkaiko Psikologia Elkargo Ofizialak eskainia), eta bost aldiz eskatu da balorazio teknikoa.
Gizarte ekintzak
Getxoko Udalak azpimarratu du alarma-egoeraren hasieratik lan egin duela pertsona ahulenen egoera arintzeko jarduerak ezartzeko. "Oinarrizko beharrak asetzean jarri dugu arreta, batez ere COVID-19ko krisiak gogorren kolpatu dituen pertsonenak, bai diru-laguntzekin, bai laguntza-baliabideekin, hala nola, Andra Mariko kiroldegian etxerik gabeko pertsonentzako behin-behineko aterpetxe bat egokitzea, 25 plaza gehitu dituenak 10. Karitate kaleko aterpeko 19ei; udal-laguntzen lerro berri bat, 900 eurora artekoa, familien oinarrizko beharrak estaltzeko, besteak beste, haurren haustura digitala murrizteko; bai GLLak, bai Aldizkakoak ez diren Udal Laguntzak aurrekontu-mugarik gabe beteko dira; Etxez etxeko Laguntza Zerbitzua eta indarkeria matxistaren biktima diren emakumeentzako arreta indartu dira; nabarmen handitu ditugu hirugarren sektoreko erakundeentzako diru-laguntzak, eta haiekin harremana etengabe koordinatua dugu elkarrizketa sozialeko mahaiaren bidez; Oinarrizko gizarte-zerbitzuek arreta mantendu dute telefonoaren bidez; ikastetxeei Adikzioen prebentziorako eta hezkuntza emozionalerako materialak eman dizkiegu, ikasleekin lan egiten jarraitu ahal izan dezaten, ikastetxe batzuetatik familietara ekipo informatikoak hurbiltzeaz gain; telefono bidezko arreta mantendu dugu heziketa eta psiko-sozialeko zerbitzuetatik eta sexu-informaziorako bulegotik, eta Gazteria zerbitzutik Gazte Irudiak programa jarri dugu martxan", gogorarazi du Gizarte Kohesioko zinegotziak.