Zer da Psikobizi zerbitzua eta nori bideratuta dago?
Bizkaiko Psikologia Elkargoak finantzatutako doako larrialdi-arreta psikologikoko zerbitzua da. Larrialdietan esku-hartze formakuntza eta esperientzia sendoa duten profesionalez osatuta dago zerbitzua. Horiek aurretik ere Elkargoaren GIPEC-a osatzen zuten eta mailaren bitartez edo WhatsApp mezu baten bitartez jendarte osoari irekita dagoen zerbitzua eskainiko diote. Egoera berri eta zail honetan murgilduta gaudela, bereziki egoera lazgarriak pasatzen ari diren pertsonentzako arreta eta laguntza ematea da horren helburua.
Etxealdia bizi dugun honetan, zein kolektibo da kalte gehien jasan dezakeena?
Aurretik ere bazterketa-arriskua edo egoera lazgarrietan bizi ziren pertsonak dira kalte gehien pairatuko dutenak ziurrenik. Horrez gainera, dolua igarotzeko arazoak izango dute askok ezin izango baitute haien hildakoak agurtu. Bestalde, konfinamendua gogor biziko dituzte desgaitasun fisiko edo mentala dituzten pertsona eta familiek; etxerik gabekoek; etxean genero-indarkeria jasaten duten emakumeek; bakarrik bizi direnek; lan-prekario zein kontraturik gabe jarduten duten pertsonek.... Zerrenda luze-luzea da kaltetuak izango direnena, zoritxarrez.
Zer egin dezakete egoera horri aurre egiteko?
Alor desberdinetan neurri desberdinak beharko ditugu horri aurre egiteko, nahiz eta gomendio orokor batzuk guztiok kontuan izan behar ditugun. Elkargotik ikuspegi psikologikotik erantzuna ematen saiatzeko dokumentu desberdin eta errazak plazaratuko ditugu kolektiboaren arabera profesionalek zein jendarteak kontuan har ditzaten.
Zeintzuk albo-kalte eragin ditzake konfinamendu egoera honek pertsona osasuntsu baten egoera psikologikoan?
Modu askotan azaleratu ahal dira agerpen psikologikoak: ezinegona, beldur kontrolaezina, haserrea, estresa, segurtasun falta... Horregatik da hain garrantzitsua geure osasun mental eta fisikoa ondo mantentzea egun hauetan ariketa errazak eginez. Gainera, hainbeste denbora ibiliko garenez etxe barruan, aukera on bat bezala ikusi beharko genuke denbora tartetxo bat guretzako izatea gure buruak zaintzeko, askotan gure buruaz ahaztera behartzen gaituen gizarte honi kontrajarriz. Ederto legoke konfinamendua eta gero zaintza praktika hauek jorratzen jarraituko bagenu.
Gomendiorik ahalik eta burua orekatuen mantentzeko?
Material asko topa daiteke sareetan gaur egun zainketa hau ahalbidetzeko. Hala ere, gehiegizko informazioa jasotzea ez denez oso osasungarria geure Elkargotik zein beste eremuetako elkargo ofizialeetatik opatutako materialak hurrengo puntuetan oinarritzen dira batez ere:
- Informazioa ondo jasotzea. Iturri ofizialak erabili eta gain-informazioa ekiditea. Denon erantzukizuna da ere informazio honekin egiten duguna, beraz sareetan erabilpen arduratsua egitea eta ez ibiltzea egun guztian COVID-19aren harira gomendagarria da. Kontuan hartu behar dugu ere batzuetan gu geu garela informazio iturri hauek umeekin zein gure ardurapean dauden pertsonekin. Beraz, argiak izaten saiatu beharko gara eta dauzkaten galderak erantzuten beldurrak ekiditeko.
- Ondo antolatzea. Gure ohiturak aldatzen ari direnez, beharrezkoa da antolaketa apropos bat izatea egunei eta asteei begira. Etxetik lan egitea, erosketen zerrenda prestatzea, familia zein lagunei deiak programatzea, ariketa fisikoa egitea edo etxea atontzea izan ahal dira, besteak beste.
- Kontaktuak mantentzea. Sareetan plataforma ugari aurki ditzakegu lagun eta senideekin kontaktuan mantentzeko. Orain, beti egin beharko genukeen bezala, zaintza interpertsonala mantendu beharko dugu eta maite ditugun pertsonekin kontaktuan jarraitu sareen bidez.
- Ariketa fisikoa egitea. Hainbat eta hainbat ariketa plan egokituak topa ditzakegu sareetan. Egoera oso aproposa izan ahal da ariketa fisikoarekin hasteko, osasungarria denarekin batera, estresa kentzeko baliagarria delako.
- Sormena lantzea. Momentu honetan gure marrazteko, margotzeko, idazteko, musikan haritzeko, eta abarretarako gordetako grinak praktikan jartzeko garai ezin hobea da.
- Denborapasak ere erabiltzea oso gomendagarria da, eta hauek bizi garenen atean partekatzen baldin badira askoz hobeto. Filmak ikustea, jolasak...
- Elkarrekin bizi garen pertsonen osasunari zein osasun pertsonalari arreta jarri. Lo ordu aproposak egin, gutxienez 20 minutuz argia jasotzea balkoian ala leihoan egunero, denetarik eta modu osasuntsu batean jan eta positibismoa eta umore ona ez galtzea ere oso garrantzitsua da bizikidetzarako zein norbanako osasun mentalarentzako.
Konfinamendua behin bukatuta, kalera ateratzerako orduan zer sentituko dugu?
Erreakzioak askotarikoak izango dira. Poztasun sentimendu eta ospatzeko gogo handia espero dute batzuk, beste batzuk, aldiz, haien bizitza berriro ere martxan jartzeko saiakeran hasiko dira, aurreikusita ere haien egoera orain konfinamendua baino aurretik baino askoz lazgarriagoa izango dela. Besteak normaltasunera bueltatzeko irrikaz ibiliko dira. Senide zein lagun baten galera COVID-19arengatik jasan dutenengan dolua pasatzeko aukera bilatuko dute. Denetarik.
Argi dagoena da egoera honek paradigma aldaketa bat proposatuko digula gizarte bezala eta, gogoeta honen harira, erakunde publikoek zein pribatuek, baita gure Elkargoak ere, ikuspegi desberdinak izango dituztela hau pasatu eta gero. Horren harira, aurrerapausoak eman behar ditugu, eta horretan gaude jada, egoera hau pasatuko duen gizarteari erantzun aproposenak emateko.
Ezagunekin kontaktua mantentzea, birtualki bada ere, garrantzitsua da gaur egun, ezta?
Bai, guztiz. Hortxe topatu ahal dugu denborapasarako eta zaintza prozesurako momentu ederra. Sareei esker, gainera, badaude pila bat aukera jolasteko edo hainbat konexio mota elkarrekin egoteko distantziak mantenduz. Gure Larrialdietarako Psikologia Zerbitzua sareetan oinarrituta dago ere, telefonoan hain zuzen. Baina honek, aurreko galderaren paradigma aldaketa horren harira, zenbait galdera sortarazten dizkigu psikologoei: Teleterapia zerbitzua aurrez aurre zerbitzua bezain eraginkorra da? Lagunekin edo senideekin egoteko bezain ona ahal da Skype dei bat jasotzea edo haiekin zuzenean egotea? Honi buruz hausnartzeko kutsua handiagotu egingo da hemendik aurrera.
Umeen kasuan, zer egin daiteke aurrera egiteko?
Informazio argia modu sentikorrean ematea eta komunikabide askotan ikus dezakegun sentsazionalismoa ekiditea. Gainera, gurasoak izanda, aukera bat bezala ikusi beharko genuke egoera hau. Gure seme-alabekin denbora pasatzeko aukera ezin hobea daukagu eta haiekin olgetako izan dugun ezinezko hauek denak ez digute oztopatuko. Pazientziarekin beti, nola ez.
Eta pertsona nagusien kasuan?
Lehenik eta behin, Osasun Sailetik eskatzen diren neurriak errespetatzea eta etxean gelditzea ahal bezain beste. Horretarako, hainbat auzo-sare sortu dira erosketak eta bestelakoak egiteko, eta horien laguntza eskatu edo onartu beharko lukete. Bestela, auzokideei laguntza eskatu ahal diegu modu zuzenean.
Zaintza psikologikoaren ikuspegitik, pertsona nagusiek beste pertsona guztiek bezala, aurreko gomendioak erabili ahal dituzte. Hala ere, ideiak emateko bi motatako ariketak proposatzen ditugu: alde batetik, eguneroko ariketak egitea eta, bestetik, kognitiboki gure burua estimulatu ahal duten ariketak proposatzea. Adibidez, lehenengoak: janari errezeta berriak prestatu, irakurri, antzinako argazkiak ordenatu eta gogoratzen garen heinean haietan agertzen diren pertsonei deitu zelan dauden galdetzeko, pila bat gauza egin ahal dira denbora pasatzeko. Errezetak ere geure senideekin partekatu ditzakegu, gero erosketak egitearen truke.
Bestetik, ariketak estimulu kognitiboak lantzeko izango balira memoria eta hizkuntza lantzen duten ariketak proposatu ahal ditugu: ea zenbat animalien izen idatzi ahal ditugun minutu batean, zenbat hitz idatzi ahal ditugun TE-z hasten direnak, gure antzinako bidai edo gertaera positibo bati buruz idaztea ahal dugun zintzotasun guztiarekin, gogoratzen ditugun esaera zaharren zerrenda luzea egin, eta abar. Hori dena ere gero senide zein lagunekin partekatu dezakegu telefonoaren bitartez.
Egoera okerragoa da bakarrik bizi direnen kasuan, ezta?
Bakarrik bizi diren pertsonentzako, eta batez ere nagusiak direnean, zailtasun gehiago suposatu ahal du modu egokian konfinamendua pasatzea. Isolamendua bikoiztu egiten da eta. Egoera hauetan garrantzitsua da sareen edo telefonoaren bitartez kontaktua mantentzea senide eta lagunekin. Zaindu dezagun gure erlazioak bereziki, egoera hau guztion artean aurrera egiteko aukera delako ere. Dena dela, kasu honetan edo beste aurreko denetan, egoerak gainditzen bagaitu, Bizkaiko Psikologia Elkargoak proposaturiko Psikobizi programak laguntza emateko tresna erabili ahal dela gogoratu beharra dago.
Biolentzia matxista pairatu duten emakume asko euren erasotzaileekin egotera kondenatuta daude egunotan. Zer egin dezakete egoera horretan?
Hor agertu da lurralde desberdinetako Psikologia Elkargoen eta alor sozialean lan egiten duten pertsona askorengan kezka nagusienetariko bat. Haiek dira Psikobizi programaren barne sartzeko ikusten ditugun aproposenetarikoak eta konfinamendu egoera honetan laguntza gehien beharko dituzten kolektiboetariko bat. Estatu mailan ere, martxoaren 21ean Berdintasun Ministerioak plazaratutako gida eskuragarri dago webgunean. Hortxe ere tresna desberdinak topa ditzakegu laguntza eskuratzeko behar izatekotan.
Jasotzen dugun informazio uholdea dela eta, antsietatea eragin dezake pertsona askorengan. Zelan egin aurre horri?
Bai, aurretik esan bezala, gaur egun erraztasun osoz aurki dezakegunez askotariko informazioa, haiek beraiek izan ahal dira gure osasun mentalean gaizki jokatu ahal dutenak eta onuragarriak ez diren ondorioak sor ditzaketenak. Horregatik da hain garrantzitsua informazioa modu egokian kudeatzea guregan eta gure ingurua osatzen dutenengan, iturri fidagarriak erabiliz eta “behar dugun” informazioa bakarrik kontsumituz eta elkarbanatuz.
Lanera joan behar dutenek ere emozionalki egoera gogorra bizi dute, beldurraren eraginez. Zelan gainditu beldur hori?
Honen harira, Mendebalde Andaluziako Psikologia Elkargoak plazaratutako dekalogo bat gomendatuko nuke zeinetan hurrengo puntuak aipatzen diren:
- Kalteberatasun fisiko eta emozionala pairatzean: Ez egin saiakera honen aurka joaten, bestela indartu egingo duzu protagonismoa ematen baitiozu. Kontzentra zaitez egin beharrekoetan eta pixkanaka ikusiko duzu nola jarraitu ahal duzun lan egiten emozio hauek sentitzeaz gain, zuregan segurtasuna lortuz.
- Birusa eduki edo besteei kutsatzearekin erlazionaturiko beldurrak: Onartu beharra dugu ezin garela izan egoera honetan kontrola daukatenak, beraz, saia zaitez kontrolpean dauden gauzak ondo betetzen, hala nola eskuak garbitzen eta segurtasun tarteak mantentzen. Kutsatzearen arriskua hor dago, baina gure eskuetan dagoen ekarpenetan kontzentratu behar gara arrisku horiek ahal dugun heinean gutxitzeko.
- Estresa sortzen duten egoera mordoen aurrean: Arreta mantendu egin beharrekoetan eta, ildoa galtzen baduzu, saia zaitez bueltatzen modu adeitsu batean zure buruarekin. Lan eta geroko kontuetan kontzentra zaitez ere ondo pasatzeko egiten dituzun gauzetan eta ez lanean pentsatzen.
- Arrisku pertsonala pairatzerako egoeratan: Saia zaitez kontzentrazioa egin beharreko puntu horretan mantentzen. Ez borrokatu sentimendu edo emozio eta pentsamenduen aurka, soilik saiakera egin arreta egin beharrekoan mantentzen. Bukatzerako orduan onuragarria izango litzateke sentitutakoa ingurukoekin konpartitzea.
- Egoera desberdin, hunkigarri, izugarri edo bortitz baten aurrean: Lankideekin partekatu, sentipenak, pentsamenduak... Hori egin eta gero saia zaitez lanean jarraitzen ahal duzun normaltasun guztiarekin, ez borrokatu pentsamendu edo emozio hauen aurka zeure burura bueltatzen badira.
- Izu-atake baten sintomen aurrean: Egoera hauetan kontrolik ez dugula kontuan izan behar dugu. Nahiz eta sentimendu oso gogorrak sentitu, iraupen eskasa dutela jakin behar dugu eta gehienez jota 2 ordutara luzatu ahal direla; kasu gehienetan laburragoak dira.
- Sentimendu depresiboen aurrean: Normala da horrelako sentimenduak jasatea bizi garen egoera honetan; hala ere, saiakera egin behar duzu gustatzen zaizkizun gauzetan kontzentratzen eta ahalegina egiten, nahiz eta beste alditan baino grina gutxiago eduki hauek egiteko. Kontrolatu zure lo orduak, ondo antolatu zure egunerokoa eta saia zaitez partekatzen gustatzen zaizkizun gauzak.
- Elkarlankidetzan: Saia zaitez talde-irudia indartzen egun hauetan, indibidualismotik ateratzeko eta zaintza kolektiboa ahalik eta gehien sustatzeko. Ez da batere garai ona lankideen trebeziak epaitzeko, baizik eta danak batera joateko. Lanean nagusi papera jorratzen dutenak beti ere baino gardentasun handiagoz eta zintzotasunez lan egiteko garaia bezala ikusi behar dute.
- Bezeroen aurreko tratua: Ez zaitez azaldu beldurtuta, baizik eta zure lanean jarraitzen duzula eta berari zerbitzu bat eskaintzeko zaudela. Ez iezaiezu esan lasaitzeko, lasaitasunez jokatu besteak lasaitu daitezen.
Elkar-zaintza are beharrezkoagoa da egoera honetan… Zer egin dezakegu nork bere ondokoa zaintzeko?
Laguntza behar duenari eskaintzea, beti ere Osasun Sailak plazaratu dituen jarraibideak errespetatuz. Krisialdi hau guztion artean eta gizarte mailan gainditu behar dugun arazoa da. Horretaz aparte, etxebizitza berean bizi garenak baliteke umore aldaketak sentitzea eta batzuetan pazientzia agortzea bizikide edo senideengan. Haiei denei aurreko gomendioak frogatzera gonbidatzen diet. Horretaz aparte, kontuan izan behar dugu gure ezegonkortasun emozionala zuzenean erlazionatuta dagoela bizi garen egoerarekin, beraz erlaxazio teknikak frogatzera gonbidatzen diet. Batzuk oso errazak izan ahal dira, arnasketa tekniken erabilera bezala. Interneten ere bideo mordoa aurki dezakegu teknika desberdinak lantzeko eta pausuz pausu azalduta datozenak.
Arazoren bat izatekotan, zelan jar gaitezke harremanetan Psikobizi zerbitzuagaz?
Idatziz da kontsulta ahalik eta ñabardura gehien emanez eta telefonoz bueltatzen da deia, eskakizunaren barne kudeaketa egin eta gero: psikobizi.bizkaia@cop.es eta 686 202 918 (Whatsapp mezua).