Koronabirusa atzerrian

"Jendea pozik dago Gobernuak egindako kudeaketarekin"

Iker Rincon Moreno 2020ko mai. 6a, 09:37

Daborduko hondartzaz goza dezakete Zeelanda Berrian, hala nola kite-surfa egiten.

Duela urte eta erdi joan zen Rocio Gandarias Zeelanda Berriko Auckland hirira lanera. Joan den martxoaren 25ean ezarri zuten herrialde horretan konfinamendu egoera, laugarren alerta maila indarrean jarrita. Orain, aldiz, apurka-apurka egoera lasaitzen dabil eta normaltasunerako bidean daude. Azaldu digunez, apirilaren 27tik langileak lanera bueltatu dira, denen arteko segurtasun-distantzia mantenduta; hala ere, Gandariasek aitortu digunez, berari ez dio eragin neurri horrek, amatasun-bajan dago eta.

Martxoaren 25ean laugarren alerta maila ezarri zuten Zeelanda Berrian, ekitaldi denak bertan behera utzi eta behar-beharrezkoak ez diren negozioak itxi zituzten. Telelana sustatu zuten, baita etxealdia sustatu ere, “hala ere, kalera atera gintezkeen bizikideekin, paseatzera edo kirola egitera zein erosketak egotera”. Bere enpresak ere neurriak hartu zituen alerta maila horretan koronabirusari aurre egiteko; “langile denon soldataren %80 ordaindu zuen etxetik lan egiteagatik. Lantegian lan egiten zutenek ezin izan zuten lan egin, baina, hala ere, soldataren %80a jaso zuten”. Apirilaren 27tik, aldiz, alerta hirugarren mailara murriztu da; ondorioz, jatetxeek eta tabernek etxera eroateko zerbitzua zabaldu dute, langileak lantegietara bueltatu dira eta bizikideak ez diren beste pertsonakaz elkartzeko aukera daukate herritarrek, “gainera, surfa, igeriketa eta lehen debekatuta zeuden beste banakako kirol batzuk praktikatu ditzakegu orain”.

Etxetik lan egiteko aukera baliagarria izan zaiela aitortzen du Gandariasek, “pozik gaude nire bikotea eta biok egun osoa seme jaioberriarekin pasa ahal izan dugulako”. Hala ere, pena handiz hartu du ekainerako aurreikusita zituen bisita denak bertan behera gelditu izana, “ez dago hegaldirik”.

Orokorrean, Zeelanda Berriko herritarrak Gobernuaren kudeaketagaz pozik daudela uste du Gandariasek: “Neurri popularretako bat da Jacinda Ardern Lehen Ministroak eta beste ministro batzuk sei hilabetean zehar euren soldataren %20a murriztu dutela, kaltetuekiko solidaritate gisa”.

Zeelanda Berrian konfirmatutako Covid-19 kasuak 1.488 dira eta hildako kopurua 21era heldu da.

Datuak: 2020ko maiatzaren 6an.

Uribe Kostarrak atzerrian

Esperientzia hobeago baterako, ikusi pantaila osoan beheko storytelling-a.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun