Elkarrizketak

"Irudimenaren uda izango dela uste dut, uzten badigute"

Unai Brea 2020ko eka. 4a, 22:00

Konfinamenduan, oraindik ere ikusbide dagoen Lau Horma Artean erakusketa birtuala sustatu du Ortellsek. HODEI TORRES

Arte Ederretan lizentziatua da Ainhoa Ortells algortarra, eta arteari eta kulturari lotutako ibilbide oparokoa. Sektorerako oso garai latza dugun honetan (badago guztiz gozoa denik?), sormenerako bestelako bideak bilatzen jardun du azken asteotan Ortellsek, bide batez eremu horretan dabiltzanen prekaritatea salatuz. 

Pandemiaren ondorioz ezarri diren neurriak errespetatuta ere, kulturarako eta arterako gaur egun baimenduta daudenak baino gune gehiago sortzeko aukerak badaudela aldarrikatzen du Ainhoa Ortellsek. Hobe hori, betiko legez sektorea krisiaren biktima handienetakoa izatea baino.   

Sektore asko kolpatuak izan dira epidemia honekin. Baina kultur sektoretik datorren mezua da azken putza zaretela...

Bada, bai, normalean honetan mozketak egiten dira beti. Kasu honetan, etxean sartuta geundela kultura pilo bat erabili da, baina orain ere mozketak daude zentzu askotan, adibidez Getxon zehazki, uztailera arte ez da egongo kultur ekimenik, nahiz eta BOEk esaten duen egotea badagoela. 2008an ere, krisiaren kolpe handiena guk jasan genuen.  

"2008ko krisian salmentak jaitsi ziren, baina gutxienez bazegoen erakusketa bat egitea, kaleko ekitaldiak...Orain, berriz..."

Kolpe hau askoz latzagoa da, ordea.

Bai. Kasu honetan ez da diru-kontu hutsa, egin ezin izatea ere badago. 2008an salmentak jaitsi ziren pilo bat, baina gutxienez bazegoen erakusketak egitea, kaleko ekitaldiak… Orain, 400 pertsona bildu ahal dira kalean, kultura erakusten duten erakustokietan uste dut % 30 bakarrik sartu ahal dela. Hala ere badaude beste aukera batzuk, eta badirudi horiek ez dituztela kontuan izan nahi.  

Esaterako?

Online gertatzen ari diren kontu guztiak, batetik. Bestetik, aurrekoan ikusi nuen Madrilen gertatzekoa den gauza bat: 2. fasean sartzen direnean galeria batek proposatu du jendea kalean biltzea eta artista bakoitzak bere obra galeriatik kalera ateratzea eta aurkeztea. Denak distantzia egokira, maskarekin eta abar, baina badago egitea, kontua nahi izatea da. Eta badirudi ez dagoela nahirik. 

"Udalek, edo gobernuek, esan beharko lukete 'aldatuko dugu erakusketak egiteko era'; eta ordaindu noski, lanean gaude eta"

Artista askok eduki duzue ekimena gauzak egiteko. Zuk adibidez egile asko biltzen dituen Lau Horma Artean erakusketa birtuala sustatu duzu, baina horrek ez du jatekoa ematen.

Jakina. Hori egiten dugu nik uste dudalako udalek, edo gobernuek, esan beharko luketela "tira, aldatuko dugu erakusteko era". Ez dut politikan sartu nahi baina Getxoko EH Bilduk eman du, adibidez, halakorik egiteko aukera. Jakina, euren izenean, eta uste dut Getxoren izenean egin beharko litzatekeela. Halako erakusketak, online egin daitezkeenak, online ateratzea, eta ordaindu noski, azken batean lanean gaude.

Greba-deialdia ere egin zen kultur sektorean.

Eta nik uste dut hemen arrakasta izan zuela. Ez zen ezer argitaratu online, webguneak itxi ziren, eta abar. Zergatia izan zen Espainiako Kultur ministroak esan zituen hitzak, "la cultura es importante pero comer es mas importante". Eta erantzuna izan zen jende guztia dabilela artea eta kultura erabiltzen konfinamenduan  bere antsietatea arintzeko, eta zuk diozu hau ez dela hain beharrezkoa? Bada, agian, etxean sartuta egonda, beste gauza batzuk baino garrantzitsuagoa bada. 

"Kolpatuak izan diren sektoreen artean lan egitea eta jaiak antolatzea badago, lau ideia edukita, jende-pilaketarik gabe"

Ematen du etxean sartuta egoteak astindua eman diola kulturari. Gauzak egiteko modu berriak bilatzea, normalean "artista" kategorian sartzen ez diren askok barruko artista ateratzea, kontzertuak balkoietan...

Artearen funtsa da, niretzat, gizartean jazotzen den guztia jasotzen dugula, sentimendu horiek guztiak jasotzen ditugu eta gero forma ematen diegu, artelan batean. Lau Horma Artean erakusketan igarri dut artista gehienek sortzeko ohiko modua aldatu dutela, denek egin dute zerbait gertatzen ari zena islatzeko. Bideoa batez ere. Uste dut sortzaileok, egoera honetan, aukera polita izan dugula gauza berriak sortzeko.

Jairik gabeko uda dator.

Nik pare bat ideia badut, ez dut ozen esan nahi oraindik inork ez bereganatzeko. Baina uste dut kolpatuak izan diren sektore askoren artean lan egitea badagoela, eta jaiak antolatzea badagoela. Portu Zaharreko jende pilaketa ezin izango da gertatu, argi dago, baina agian bueltatu beharko gara jai herrikoetara, eta jai bakoitzean herrikoak bakarrik egotera. Ez dut uste hain zaila denik; lau ideia edukita eta herrikoekin lan eginda badago jaiak antolatzerik. Irudimenaren uda izango dela uste dut, uzten badigute. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun