Ibarbengoako geltokiko aparkalekuaren aurka agertu da Getxoko Elkarrekin Podemos

Unai Brea 2020ko eka. 15a, 16:12

Gaur hasi dira funtzionatzen Ibarbengoako geltokia eta haren ondoko aparkalekua. © METRO BILBAO

Prentsa-ohar baten bidez, Getxoko Elkarrekin Podemosen udal-taldeak adierazi du ez duela bat egiten Ibarbengoako geltoki ondoko aparkalekuaren proiektuagaz. "Espekulazioaren aparkalekua", deitu diote. Inbertsioak udalerriko berdeguneak murrizten dituela eta auzoen mugikortasuna ez duela hobetzen salatu dute.  

"Babesa adierazi nahi diegu inguru horretan espekulazioa hasi zenetik (5.000 etxebizitza egitea aurreikusten da) eraikinaren aurka borrokatu diren bizilagun eta kolektiboei", esan du koalizioak. Babesa adierazi diete, era berean, gaur 18:00etan azpiegituraren aurkako bizikleta-martxan parte hartuko dutenei. 

Garraio publiko eta jasangarriaren alde egin beharra aldarrikatu du Elkarrekin Podemosek, "eta ez, beste behin, garraiobide pribatuetara egokitzen diren lan handien alde". Euren ustez, mugikortasuna hobetzeko irtenbide hobea litzateke Getxoko auzoak eta erdigunea lotuko lituzkeen udal-autobus bat. "Mota honetako eraikinek, aldiz, konponbideen ordez zementu gehiago eroaten dute aspalditik berdeguneei eustea eta lehen sektorea errespetatzea eskatzen dabiltzan eremuetara", gehitu dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun