Bizikleten erabilera errazteko bidegorria egingo dute Zugazarte etorbidean

Erredakzioa 2020ko eka. 25a, 16:07

Areetako Zugazarte etorbideak bidegorri bat izango duela aurreratu dute gaur, eguenean, Getxoko ohiko osoko bilkuran. Horrez gainera, udal-gobernuak adierazi du hondartza-denboraldian TAOa ezartzea aurreikusita dagoela Ereaga inguruan datorren urtera begira.

Zugazarte etorbideak bidegorri bat izango du, gaur egin den ohiko osoko bilkuran aurreratu den bezala. Hala adierazi du Joseba Arregi Ingurumeneko Hiri Zerbitzu eta Ingurumen Kalitateko zinegotziak, Elkarrekin-Podemosek bizikletaren erabilera bultzatzeko pizgarri ekonomikoak hartzeko egindako mozioari erantzunez; mozio hori ez da onartu. Halaber, Arregik adierazi du Getxo 30 km/h-ko udalerria izateko lanean ari direla, eta oinezkoentzako eta bizikletentzako eremua zabalduko dela Ereagan. Ekintza horiek guztiek lotura zuzena dute bizikletaren erabilera erraztearekin eta COVID-19aren osasun neurriak betetzeagaz.

TAO ezarriko da Ereagan hondartza-denboraldian datorren udan

Horrez gainera, udal-gobernuak adierazi du, Ereaga eta Azkorri hondartzetan TAO ezartzeko PPren mozio bati erantzunez, eta TAOren kontratu berriaren pleguen idazketa aprobetxatuz (datorren urtean amaituko da egun indarrean dagoen kontratua), erregulazio-eremu berri bat sortzea aurreikusita dagoela, "Ereagako 3. eremua"; 2021ean ezarriko da erregulazio-gune hori, udako denboraldian, ekainetik irailera, eta ez da dohainik izango auzotar guztientzat. Ereagako eremuan, Portu Zaharreraino, 650 aparkaleku daude. Azkenik, PPren mozio hori errefusatu egin da.

Kontu-emateak

Gaurko osoko bilkuran, gainera, 688.000 euroko kreditua egokitu dela jakinarazi da, Gizarte Larrialdietarako Laguntzen gastua gehitzeagatik, eta 73.000 euroko kreditu transferentzia egin dela GetxoBonorako laguntza berezi gisa. Izan ere, Getxoko establezimenduetan tokiko kontsumoa bultzatu nahi da, COVID-19ak eragindako osasun-krisiaren ondoren. Hain zuzen ere, ekonomiaren eta merkataritzaren eta ostalaritzaren sektoreen egoera mozioen kapituluko eztabaidaren parte handi baten xede izan da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun