Algortako jai batzordeko kideek deitoratu dute Udalak erabaki "azkarrak" hartu dituela jaiak bertan behera uzteko. Era berean, udal-agintariek prozedura "oso desegokia" erabili dutela salatu dute, hala nola jai batzordeakaz hitzartutako bilerak egun batetik bestera edo egun berean deituta; domeketan urgentziazko bilerak planteatuz; eta egun gutxiko tartea emanez jai batzordeei erabakiak hartzeko. "Gure ustez, funtzionamendu modu horrek ez dio erantzuten jai batzordeen errealitateari eta gure lanarekiko errespetu falta izugarria dela deritzogu. Are gehiago, presiopean eta egoerak baldintzaturik egindako Udalaren eta jai batzordeen arteko kontraste horren emaitza hasieratik idatzita zegoenean: aurtengo jaiak bertan behera uztea, hain zuzen ere". Kontuak hala, Udalaren azken momentuko proposamena "akatatu" zuen Algortako jai batzordeak, "ulertuta hori egin ezean, jaiak linbo batean geratzen zirela".
Jaiak moldatu guran
Azken hilabeteotan egoera berri honetara jaiak egokitzeko lana egin du Algortako jai batzordeak. Aitortu dutenez, argi izan dute uneoro jaiak ezin izango zirela egin aurreko urteetan bezala, eta kontzienteak izan dira osasun-krisi honek sortutako egoera zein den eta uneoro jarri gura izan dutela herritarren osasuna eta segurtasuna mahai-gainean. Hala ere, jaiek herritarrentzako onura handiak dakartzatela goraipatu dute: "Herritarron arteko harremanak estutu, komunitatea egin, elkarrengandik babestu eta elkarrekin gozatzeko espazioak dira. Gure kaleak aldarrikatzeko egunak dira. Gure herritarrak babesteko uneak dira: komertzio lokala sustatu, ostalaritzari bultzada eman, gure herriko elkarte eta eragileak ezagutu eta euren lana kalera eraman, egoera zaurgarrian dauden gure auzokideak lagundu... Azken finean, jai herrikoiak guztionak diren ospakizunak dira, herria hainbat egunez alaitu eta girotu egiten dutenak. Herriak egina eta herritarrontzako". Balio horiek denak une latz hauetan "inoiz baino gehiago beharrezkoak" direla azpimarratu dute, "zalantzarik gabe".
Hala, jaiak gauzatzeko proposamen egokitua aurkeztu zioten Getxoko Udalari, "gure indar eta baliabide guztiak jarriko genituen Udalarekin batera jai egokitu batzuk garatu ahal izateko". Hala ere, deitoratu dute konponbidea ez dela eurek proposatu zuten norabidean gauzatu. Proposamena ez da aintzat hartu eta jaiak bertan behera geratuko zirela ohartarazi zuen Udalak, jaietarako bideratutako diru-laguntza %15era murriztuz eta soilik egitarau telematikoa antolatu ahal izateko. "Jaiak egoera honetan antolatzeak suposatzen dituen zailtasunak ulertu arren, uste dugu Udaletik ez zaiola egoerak eskatzen duen prestutasun eta borondatearekin erantzun. Ez da egoera honek eskatzen zuen aterabidea", deitoratu du jai batzordeak.
Jai batzordeko kideek azaldu dutenez, ospakizunak egokituta mantentzearen helburuetako bat zen herriko jardun ekonomikoa eta kulturala sustatzea. Horren harira, azpimarratu dute uko egin diotela aurten Udalak jai telematikoak antolatzeko proposatutako diru-laguntzari. "Diru-kantitate hori herriko sektore kulturala indartzeko bidera dezatela". Jai herrikoiak diru-laguntzarik gabe antola ditzaketela azpimarratu dute, baita eurak egindako proposamena "guztiz egokitzen" zela gaur egungo egoeragaz: "txosnagunerik eta aglomerazio handirik ez; ikuskizunak adukiera kontrolatuekin, kuadrillentzako desafio telematikoak, distantziak mantenduta egindako desfileak, etab. Proposamen hori aztertu ere ez da egin, ez jai batzordearekin, behintzat".
Bost egunez jaietako zapia kalera
Uztailaren 29tik abuztuaren 2ra izango ziren aurten Algortako San Inazio jaiak. Hala, egun horietan zehar jaietako zapia kalera ateratzera animatu du jai batzordeak, jantzita, balkoian jarrita, tabernan zein komertzioetan. Horretarako, zapi ugari jarriko dituzte salmentan eta horiekaz lortutako dirua udalerriko komertzio zein elkarteei ekarpena egiteko asmoa dute jai batzordekoek.
Algortako jai batzordeak zabaldutako oharra, osorik:
Inork pentsatuko ez lukeen egoera sortu du coronavirusak. Egun batetik bestera, gure etxeetan konfinatuta ikusi ditugu gure buruak, kalera irten ezinik. Hilabete hauetarako prestatuta genituen hainbat plan bertan behera utzi edo atzeratu behar izan ditugu. Eta txarrena, osasun krisi honek gutariko asko modu zuzenean zein zeharkakoan eragin digu.
Algortako Jai Batzordetik gure besarkadarik estuena bidali nahi diogu garai hauetan bere senidea edo laguna galdu duen herritar orori. Modu berean, osasun krisi honi aurre eginez lanean ibili diren herritar guztiei ere gure eskerrik beroena.
Osasun krisia gaindituko dugu, zalantzarik gabe. Baina osasun krisi honek ere hainbat kaltetu utzi ditu eta eragingo ditu bidean. Dudarik gabe, azken urteetan bizitako unerik zailenetakoa bizitzen ari gara. Eta guzti honek herritarron egoera pertsonalean ere eragina dauka. Norbanakoaren egoera zein konfinamenduak animikoki eta emozionalki ukituak utzi gaitu. Aipamen berezia egin nahiko genieke gure nagusi, ume eta gazteei. Gure belaunaldiengatik dena eman duten nagusi horiek, gure geroa diren umeak eta gure oraina diren gazteak izan dute kolperik gogorrena. Gure onena zarete!
Koronabirusak sortutako egoeraren ondorioz, aurtengo jaien inguruko zalantzak presente egon dira herri eta auzo gehienetan. Osasun-krisiak eragindako egoeran, zenbait udalek jaiak bertan behera utzi dituzte zuzenean eta beste hainbatek jaiak egokitzeko apustua egin dute. Azken asteetan jakin izan dugu Getxoko udalaren erabakia 2020ko jaien harira, aurtengo udako jaiak bertan behera utziz. Udalak egindako oharrean, Getxoko jai batzordeekin adostutako akordioa dela zabaldu da. Irakurketa honen bitartez, azken hilabetean aurtengo jaiei begira udalarekin izandako hartu-emana argitu eta Algortako jai batzordearen posizioa zabaldu nahiko genuke.
Batetik, gure desadostasuna adierazi nahi dugu udalak aurtengo jaien antolakuntzari begira egindako kudeaketarekin. Pandemiaren hasieratik jai batzordeekiko interlokuzio iraunkorra eta irtenbide adostu bat bilatu beharrean, Getxoko jai batzordeon adierazpena egin arte itxaron du gurekin harremanetan jartzeko. Gainera, inguruko udaletan jaiak bertan behera uzteko erabakiak hartzen ari zirela ikusita eta Getxoko jaiei begirako erabakiak azkartu asmoz, prozedura oso desegokia erabili du (jai batzordeekin bilerak egun batetik bestera edo egun berean deituz, igandeetan urgentziazko bilerak planteatuz, jai batzordeei soilik egun batzuetako tartea emanez erabakiak hartzeko, etab). Gure ustez, funtzionamendu modu horrek ez dio erantzuten jai batzordeen errealitateari eta gure lanarekiko errespetu falta izugarria dela deritzogu. Are gehiago, presiopean eta egoerak baldintzaturik egindako udalaren eta jai batzordeen arteko kontraste horren emaitza hasieratik idatzita zegoenean, aurtengo jaiak bertan behera uztea, hain zuzen ere. Kontrastatzeko denbora faltak eta getxoko jai batzuetan egoera luzatzeak ekarri zitzakeen oztopoak saihesteko, udalak azken momentuan egindako proposamena akatatu genuen, ulertuta hori egin ezean, jaiak linbo batean geratzen zirela. Baina argi geratu dadila, ez da egon harreman iraunkorrik udalarekin aurtengo jaiei irtenbide bat bilatzeko eta ez da ezer “adostu” udalarekin.
Bestetik, Algortako jaiei dagokienez, jai batzordetik azken hilabeteetan jaiak egokitzeko egindako lana eta udalari egindako proposamena azaldu nahiko genuke. Lehenik eta behin, adieraztea jai batzordean guztiz kontzienteak garela osasun-krisi honek sortutako egoeraz eta jai batzordea izan dela lehenengoa osasun eta segurtasun irizpideak hartu behar ditugula mahai gainean jarri duena. Baina aldi berean, inork baino hobeto dakigu jaiek gure herriarentzako zer suposatzen duten. Jaiak herritarron arteko harremanak estutu, komunitatea egin, elkarrengandik babestu eta elkarrekin gozatzeko espazioak dira. Gure kaleak aldarrikatzeko egunak dira. Gure herritarrak babesteko uneak dira: komertzio lokala sustatu, ostalaritzari bultzada eman, gure herriko elkarte eta eragileak ezagutu eta euren lana kalera eraman, egoera zaurgarrian dauden gure auzokideak lagundu... Azken finean, jai herrikoiak guztionak diren ospakizunak dira, herria hainbat egunez alaitu eta girotu egiten dutenak. Herriak egina eta herritarrontzako. Aurten, inoiz baino gehiago beharrezkoak diren baloreak eta uneak, zalantzarik gabe.
Hori guztiaz kontziente izanik, proposamen egokitua egin genion udalari. Argi genuen aurtengo jaiak ezin izango genituela azken urteetan ezagutu ditugun moduan garatu. Lehenik eta behin, guztion bizitzak eta osasuna daude, eta momentu honetan, ez ditugu berme nahikorik azken urteetako programazioa eta bertako ekintza guztiak behar bezala garatzeko. Hori guztia aintzat hartzen genuen udalari helarazitako proposamenean. Baina aldi berean, egoerari egokitutako jai eta programazio batek lagundu zezakeen komertzio lokala berraktibatzen, hain gaizki pasatzen ari den kulturgintza eta gure herriko elkartegintza bultzatzen eta herritarron egoera animikoa hobetzen. Jai batzordeak bere indar eta baliabide guztiak jarriko zituen udalarekin batera jai egokitu batzuk garatu ahal izateko.
Zoritxarrez, egoera honen konponbidea ez da guk proposatutako norabidean gauzatu. Gure proposamena ez da aintzat hartu eta zuzenean jaiak bertan behera geratuko zirela adierazi ziguten, jaietarako bideratutako diru-laguntza %15era murriztuz eta soilik egitarau telematiko sinbolikoa antolatu ahal izateko. Jaiak egoera honetan antolatzeak suposatzen dituen zailtasunak ulertu arren, uste dugu udaletik ez zaiola egoerak eskatzen duen prestutasun eta borondatearekin erantzun. Ez da egoera honek eskatzen zuen aterabidea. Deseskaladarekin eremu ezberdinetan ematen ari diren urratsak ez doaz jaietan, eta oro har, kultur arloan, hartu diren erabakien eskutik.
Ohar honetan adierazitakoarekin batera, bi ideia azpimarratu nahiko genituzke. Batetik, gure desadostasunak eta haserreak ez dutela zerikusirik aurtengo diru-laguntzen murrizketarekin. Kontrara, aurtengo jaien helburu argietako bat gure herriko aktibitate ekonomiko eta kulturala sustatzea izan da hasieratik, eta gainera, jai batzordean hasieratik prestutasun osoa adierazi dugu diru-laguntzetan moldaketak egiteko eta uneak eskatzen duen injekzioa ekonomikoa beste beharretara bideratzeko (udaleko beste hainbat arlotan egiten ari ez dena, bide batez). Norabide horretan ere, uko egiten diogu udalak eskainitako diru-laguntzaren %15 horri. Diru-kantitate hori herriko sektore kulturala indartzeko bideratu dezatela, eta argi geratu dadila Algortako jai batzordearen posizioak ez duela loturarik diru kontuekin. Jai herrikoiak diru-laguntzarik gabe ere antolatu ditzakegu. Bestetik, jai batzordetik egindako proposamena guztiz egokitzen zela uneotan dugun egoerarekin: txosnagunerik eta aglomerazio handirik ez, ikuskizunak aforo kontrolatuekin, kuadrillentzako desafio telematikoak, distantziak mantenduta egindako desfileak, etab. Proposamen hori aztertu ere ez da egin, ez jai batzordearekin, behintzat.
Azkenik, eskerrak eman nahi dizkiegu urte guzti hauetan zehar Algortako San Inazioetako jaiak posible egin dituzuen guzti horiei. Herriko kuadrillak, tokiko komertzio eta ostalariak, kultur eragile eta kolektiboak, jaietako egunetan zehar kaleak hartzen dituzuen adin guztietako algortarrak... Zuei esker ere dira posible gure herriko jaiak!
2020ko Algortako jaiak Uztailaren 29tik Abuztuaren 2ra izango ziren aurten. Eta maila batean, jaiak mantentzea ere nahiko genuke. Guk jai batzordetik gure esku dagoen aletxoa jartzen ahaleginduko gara. Horretarako, jaietako zapia bost egun horietan zehar kalera ateratzera animatzen zaituztegu (jantzita eramanda, etxeko balkoietan jarrita, taberna eta komertzioetan...). Hurrengo asteetan zehar informazio gehiago emango dugu zapien salmentari dagokionez. Zapietako salmentatik ateratako diruarekin herriko komertzio zein elkartegintzari ekarpena egiteko asmoa daukagu. Beraz, animatu zapiak erostera! Eta horrekin batera, adi sare sozialetako deialdietara.
Besterik gabe, animoak egoera honetan une zailak igarotzen ari diren algortar guztiei. Algortako kaleetan ikusiko dugu elkar.
Gora Algortako jaiak! Gora San Inazioak!