Pandemiak sortutako egoeran jaialdia antolatzea erronka handia izan dela adierazi du Jokin Aspuru zuzendariak. "Erakusketen %95 gune publikoetan egingo dira, aire zabalean, eta batez ere Ereagako hondartzatik Portu Zaharrera bitarteko ardatzean eta Algortako edigunean", azaldu du. Online programazioa ere oparoa izango dela gaineratu dute.
Jon Uriarte komisario berriak iradoki du aurtengo izenburua, Kalera!, "gune publikoak esploratzeko helburuarekin", Getxoko Udalak aurkezpenaren berri emateko bidali duen prentsa-oharrak adierazten duenez. Antolatzaileen esanetan, jaialdi "hibridoagoa" egiteko asmoa dute aurten; hala, askotariko bitartekoakaz egindako lanak erakutsiko dituzte Getxophoton 40 herrialde baino gehiagoko artistek: argazkigintza, bideoa, instalazioak, zinema, alegiazko errealitatea, arte digitala...
Hainbat berrikuntza
Edizio honek berritasunak izango ditu, internet bidezko programazio berezia esate baterako. Horren barruan dago, besteak beste, ekainean iragarritako Instagramerako aurpegi-iragazkien lehiaketa. Era berean, Pantaila Partekatua ekimena ipini dute abian, konfinamenduan egindako bideo-elkarrizketen irudiak batzeko.
Horrez gain, eta ohi legez, hamaika ekitaldik osatuko dute egitaraua: bisita gidatuak egunez eta gauez, ibilbideak, laborategiak, hausnarketarako topaketak... Erakusketei dagokienez, hainbat gai plazaratzen saiatuko dira: klima-larrialdia, arrazakeria, patriarkatua eta abar. Besteak beste, "Charlotte Schmitzen sexu-langileei buruzko lanak, Felipe Beltránek arrazakeriaren kontra ateratakoak, Hong Kongeko protestetan Thaddé Comarek egindakoak, Michael Wolfek garraioari buruz landutakoak eta Berlingo Mentalgassik hondakinei buruz egindako lanak" nabarmendu dituzte.