Gazteek azaldu dutenez, goizean zehar kuadrillen arteko ginkana bat egingo dute. Herrian zehar sakabanatuta, askotariko probak gainditu behar izango dituzte neska-mutilek; "taldeak ez dira elkarrekin egongo, bakoitza leku eta ordu ezberdinetan egongo da, distantziak mantendu ahal izateko", azaldu dutenez. Ondoren, eguerdian, kuadrilla bakoitzak pasta plater originalena egin beharko du, etxean. Horretan parte hartu ahal izateko aldez aurretik izena eman behar izan dute taldeek; hala, behin platera eginda, aurretik ezarritako ordutegian (13:30 eta 15:00 artean), txandaka, sortutakoa aurkeztu beharko dute San Nikolas plazan. "Originaltasuna eta itxura puntuatuko da", diote antolatzaileek.
Ezohiko egitarau horregaz, gaur hastekoak ziren saninazioetan gazteak batu eta elkartzeko saiakera egin gura du Algortako Gazte Txosnak, "betiere osasun-neurri denak kontutan hartuta eta mantenduta. Arduraz jokatuko dugu". Era berean, egoera berri honetara egokitutako jaiak egin daitezkeela aldarrikatu gura izan dute gazteek, baita Getxoko Udalak udako festei begira hartutako erabakiak deitoratu ere: "Alternatibak eraiki ahal dira".