COVID-19ak zalantza ugari eragin ditu herri eta auzo denetan, ospakizunak zelan bidera daitezkeen jakin barik. Horren harira, udal askok bertan behera utzi dituzte jaiak zuzenean; beste batzuk, aldiz, horiek egokitzeko apustua egin dute. Getxoren kasuan, udako ospakizun denak bertan behera uztea erabaki zuen Udalak, udalerriko jai batzorde denakaz adostutako akordioa zela zabalduta. Hala ere, Algortako jai batzordeak gogor kritikatu egin du balizko akordio hori eta deitoratu du ez dela adostasunik egon erabaki hori hartzerakoan, ezta harreman iraunkorrik jaiei irtenbide bat bilatzeko asmoz.
Hala, jai batzordeko kideek manifestazioa egiteko deia egin dute biharko, eguaztenerako, "San Inazio jaien hasiera izango zen egun eta orduan". Azaldu dutenez, manifestazio horregaz "argi eta garbi" utzi gura dute Udalak aurtengo jaien kudeaketari begirako izandako jarrera: "ez da onargarria izan; jai batzordeen proposamenak ez dituzte kontutan hartu, aldebakartasunez jaiak bertan behera utzi ditu, jai batzordeen desadostasuna erabili dute erabaki batzuk hartu eta justifikatzeko... Horrela Ez! Gu elkarlanerako prest gaude, baina ez inposatutako erabakiak akatatzeko!".
Horregatik, herritar denen parte-hartzea eskatu dute mobilizazio horretan: "Jai herrikoiak zuenak ere badirelako!". Mobilizazioan parte hartzeko hainbat jarraibide prestatu dituzte jai batzordekoek, eta horiek errespetatzea eskatu dute:
- Aurtengo jaietako zapia jantzita ekarri. Salgai daude herriko hainbat denda eta tabernatan.
- Errespetatu osasun eta segurtasun irizpideak: musukoa etxetik jantzita ekarri, mantendu pertsonen arteko segurtasun distantzia minimoa eta jarraitu antolakuntzako kideek emandako azalpen eta jarraibideak.
- Zabaldu deialdia zuen inguruan!