Joan den astelehenean abiatu zituen Getxoko Udalak Azkorri inguruko Zientoetxeko biribilgunea egiteko lanak. Azkorri Bizirik plataformak positiboki baloratu ditu euren proposamen batzuk kontuan hartu izana, baina segitzen du pentsatzen azpiegitura hori beharrezkoa ez dela: "Ibilgailu pribatuei mugak jarriz, legea errespetatu araziz eta oinezkoei ibilbide seguruak eginez gero arazoa guztiz desagertuko litzateke". Izan ere, plataformako kideek azaldu dute maniobra gunean ibilgailuei azken hilabetean auzokoek jarri dizkieten mugen ondorioz busak zituen maniobra arazoak "ia erabat" desagertu direla.
Auto-pilaketei dagokienez, auzokideek diote egoera "jasanezina" dela, Diliz, Goienetxe eta Zientoetxe estratetan bereziki. "Nekez jasaten ari gara ibilgailuen abiadura, zarata, edonon eta edonola aparkatzea, gure ibilera arriskutsu bihurtzen ari da", deitoratu dute.
Egoera hori konpontzeko, mugikortasun plangintza jasangarri eta oso bat behar dela ondorioztatu dute auzokideek, "baina halakorik ez du aurkeztu Udalak", salatu dute.
"Legez kontrako" biribilgunea
Biribilgunea eraikitzeko proiektua "legez kontrakoa" dela dio Azkorri Bizirik plataformak, "erabilera libreko lurzoru publikoa hartzen duelako, errepide azpiegiturarik onartzen ez duen lurzorua, indarrean den HAPOren arabera". Hori dela eta, talde horretako kideek "lege-hauste" hori azaltzen duen txosten juridikoa helarazi diote Udalari, "kontutan hartu eta lanak behin-betiko bertan behera utz ditzan eskatuz".