Betidanik zara musikaria?
Txikitan, 3-4 urte nituela, elizako abesbatzan ibili nintzen, baina gero ez nuen berriro kantatu 12 urte izan arte. Jendeak esaten zidan ahots ederra nuela, eta zerbait egin behar nuela. Nik orduan ez nuen sentitzen musika nire patua izango zenik, baina azkenean, eskolako lagun batzuekin talde bat sortu eta denon artean konposatutako abestiak jotzen genituen talde handien emanaldietan, haien aurretik. Garai hartan aitak gitarra bat oparitu zidan. Nik ez nuen tresna ulertzen, baina egunero, notaz nota, ikasiz joan nintzen. Ez daukat nire burua gitarra-jotzailetzat baina gitarrari esker aurkitu nuen nire ahotsa.
Zelan hasi zinen bakarka?
Hori 2016an etorri zen. Dirua behar nuen, kontzertutxo bat emateko aukera sortu zitzaidan, eta horrela hasi zen guztia, gaur arte.
Eta zelan sortu zen Madera Ilegal izena?
Garai hartatik datorkit, hain zuzen. Urtebete eman nuen taberna, jatetxe eta halakoetan emanaldiak eskaintzen, baina izenik gabe. Ez nuen Gabriela erabili nahi han oso izen arrunta delako, uste dut nire belaunaldi osoari ipini ziotela, kar kar. Sarritan leku batean jo eta nor nintzen esan gabe alde egiten nuen. Orduan, musikan jardutera animatu ninduen lagunak esan zidan izen bat behar nuela, eta Madera Fina proposatu zidan, musika-tresnak zurezkoak zirelako. Hura erabiltzen hasi nintzen, baina handik gutxira jakin nuen Puerto Ricon bazegoela izen bereko talde bat. "Ilegalki ari naiz!", pentsatu nuen. Eta ordutik Madera Ilegal naiz. Gero, gainera, izenak beste esanahi bat hartu du niretzat, ez baita erraza beste herrialde batera bizitzera joatea, atzerritarrok legez kanpokoak garela entzun ohi da... Orain maiteago dut Madera Ilegal izena, harro sentiarazten dit.
Bertsioak kantatzen dituzu, eta zuk sortutakoak ere bai.
Apur bat lotsatia naiz nik konposatutakoari dagokionez, nahiz eta azken urtean lotsa hori kentzen ari zaidan. Eta nire erreferente artistikoen bertsioak egiten ditut: Mercedes Sosa, Natalia Lafourcade... Artista latinoamerikarrak. Ildo beretik jotzen dut konposatzean, baina nire estiloa ematen saiatuz.
Bestelako musika-gusturik?
Estilo asko ditut gustuko: folka, indiea, rocka, reggaea, bluesa... Baina ez dakit ondo jotzen, ahotsari laguntzeko besterik ez dut gitarra. Gustatuko litzaidake, hori bai, inoiz talde bat izatekotan, apur bat denetik egiten saiatzea eta aipatu ditudan estilo horiek jotzea.
COVID-19ak ez dizu erraztuko, ordea.
Hala da. Banuen udarako agenda eta dena geratu da bertan behera. Orain aurreztutako diruari esker ari naiz aurrera egiten, eta nire bikotekidearen eta nire familiaren laguntzaz.
Politikariak salatzen
Lau Horma Artean erakusketa birtualean (gero fisikoa ere izan zen) ezagutu genuen Gabi Castro. Su nombre era Alexa kantua izan zen haren ekarpena egitasmo kolektibo hartan; Puerto Ricon egindako krimen lazgarri batean oinarritutako historia. "Alexia emakume transgeneroa zen, oso haurtzaro gogorra izan zuena, eta heldutasunean emakume gisa agertzeko erabaki zuenean, kalean bizitzen hasi zena. Puerto Rico osoan ibiltzen zen, paseatzen, eta ispilu bat eraman ohi zuen eskuan, atzetik zetozkion munstroak ikusi ahal izateko, hau da, eraso egiten zion gizartea. Jende asko zuen alde, eta beste asko aurka. Behin taberna bateko komunera sartu, poltsa eta ispilua lurrean utzi, eta norbaitek leporatu zion neskato bati begiratu nahi ziola gonaren azpitik. Mehatxuka hasi zitzaizkion internetez, eta biharamunean, bere urtebetetze-egunean hain zuzen, hil egin zuten. Hilketa grabatu eta sare sozialetan zabaldu zuten. Hari eskaini nion kantua, eta horren erantzule diren politikariak eta LGBT+ kolektiboko beste biktima batzuk aipatu nituen, izen-abizen eta guzti".